"Lehen sektorea ardatz hartuta herriaren nortasunaren ezaugarriak mantendu eta garatu nahi ditugu"

Erredakzioa 2015ko api. 22a, 08:01

ZIGOR GOROSTIAGA (Areta, 1976) EH Bilduk hautatu du Orozkoko alkategaia izateko. Albaitaria eta abeltzaina eta herriaren inguruan daukan ikuspegia azaldu du.

ZIGOR GOROSTIAGA (Areta, 1976) EH Bilduk hautatu du Orozkoko alkategaia izateko. Albaitaria eta abeltzaina eta herriaren inguruan daukan ikuspegia azaldu du.


Nolakoa izan da hautaketa prozesua?


Kontuan izanda Orozko herri txikia dela eta dagoen jende kopurua, taldean adostutako hautagaitza izan da, norbanakoen konpromisoaz baliatu gara zerrenda osatzeko.


Zein da zure ibilbide politiko eta profesionala?


Nire ibilbide politikoa laburra izan da orain arte, baina herri eta eskualdean ibilbide publiko luzea izan dut.

Orozkon, Itxina Abeltzain Elkarteko batzordean sei urtez aritu naiz eta EHNE sindikatuko kide naiz. Eskualdean zenbait ekimenetan parte hartu dut, batez ere elikadura burujabetzaren inguruan.


Bereziki lehenengo sektoreari lotuta dago zure bizitza eta Orozko. Zeintzuk dira zure proposamenak esparru horretan eta gainerakoetan?


Lehenengo sektoreari lotuta dauden jarduera ekonomikoak indarberritzeko politika publikoak sustatzeko konpromiso irmoa hartu dugu.Jakinda sektore honek daukan zeharkako izaera eta Orozko bezalako herri batean eredu industrialak eragin digun porrota eta errekurtsoen galera ikusirik, daukagun aukerarik onena lekukotasuna eta burujabetza kontzeptuak geureganatzea izango da.Honetarako, bai ingurumenarekiko zein gizartearekiko sentsibilitatea duten baserritarrak formatzea ezinbesteko ikusten dugu.
Lehenengo sektorearen egoera ekonomia, ekologia, ingurumena, ondare kulturala, hiritar eta baserritarren arteko harremana, basoaren erabilera… Horiek guztiak gizarte osoan eragina dute; EH Bildutik herri lanketa egiten badugu, eskualdera eramatea beharrezkoa bihurtuko da baina beti helmuga bezala, epe luzera, euskal herrian zabaltzearena.
Eskualdeari garrantzia eman nahi diogu, herrien arteko elkarlana sustatu behar dugu burujabetza eta lekuko garapenaren inguruan, ez bakarrik elikagaiak ekoizteko baizik eta gizartean eragiteko ere, kontzeptu hauek barneratzea ezinbestekoa da.
Feminismoa eta euskara zeharkako ildoak bezala ikusten ditugu ere, gizarteko esparru guztietan eragina dutenez, horietaz baliatuko gara gure politikak aurrera eramaten saiatzeko.


Politika txikitatik bizi izan duzu, horrek hauspotu zaitu hauteskundetan hautagai gisa aritzeko edo alderantziz?

Gaztea zarenean politikak beldurra ematen du baina azken finean, familian eta inguruan ikusitako konpromisoa eta transmititzen diren baloreek erabaki sendoak hartzera animatzen zaitu.



Nola baloratzen duzu azkenengo legealdia eta udalaren egoera, bereziki ekonomikoki? Zein izango da EH Bilduren ardatza zentzu horretan?


Azken legealdia ez da batere erraza izan Orozkon, baina udalaren egoera ekonomikoa ez da txarra geroari begira.
EH Bilduren erronka ez da makala, Orozko den herria ikusita, esan bezala, 1. sektorea ardatz hartuta herriaren nortasunaren ezaugarriak mantendu eta garatzea izango da gure helburua; politikari epe luzeko ikuspegia eman nahi diogu eta beraz, ez da 4 urteko lana izango. Ze nolako herri eredua nahi dugun marraztea da garrantzitsuena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide