"Ez naiz politikaria, herriak beste talde bat aukeratzen badu gobernatzeko, lantegira bueltatuko naiz"

Erredakzioa 2015ko mai. 1a, 10:45

JOSU SAN PEDRO (Orozko, 1971) indarrean dagoen legealdian alkate ardurak izan ditu eta ADIE talde independenteak berriro hautatu du alkateagai izateko. Bere ibilbide politikoa azken 4 urteetan egin du eta horren inguruan mintzatu da.

Lehenik eta behin kontatuko diguzu nolakoa izan den hautaketa prozesua?

JOSU SAN PEDRO (Orozko, 1971) indarrean dagoen legealdian alkate ardurak izan ditu eta ADIE talde independenteak berriro hautatu du alkateagai izateko. Bere ibilbide politikoa azken 4 urteetan egin du eta horren inguruan mintzatu da.

Lehenik eta behin kontatuko diguzu nolakoa izan den hautaketa prozesua?

Duela lau urte bezalaxe, oraingoan ere prozesu partizipatiboa egin dugu hauteskundeetarako programa egiteko eta zerrenda-kideak aukeratzeko. Prozesu hori hainbat fasetan banatu genuen:

Urtarrilaren hasieratik martxoaren 15era arte eztabaida fasea izan zen, hurrengo lau urteetan Adie-ren lanaren lerro nagusiak erabakitzeko garaia, hain zuzen.

Hainbat batzar egin genituen, hainbat gairen inguruan hitz egiteko: Orozkon zer motatako herria garatu nahi genuen (nekazaritza eta abeltzaintzari lotuago ala ez, industrialagoa, pisu gehiago erakin behar diren edo baserriak konpontzeko erraztasunak bultzatu…), Udalak nolako komunikazioa izan behar duen herritarrekin, parte-hartzea nola bultzatu, eta udal ordezkarientzako kode etikoaren beharra, besteak beste.

Bilera horietatik gure programako zati handi bat atera genuen eta kode etiko bat idatzi, alderdi politikoei euren ekarpenak egin ditzatela luzatu dieguna.

Behin ekarpenak eztabaidatuta hurrengo Osoko Bilkurara eramango dugu onartzera. Guk, udaletxera heldu ginenean, udal sustatzaileak 5 milioiko zorra zuela jakin genuen eta horren inguruan ustelkeria eta ustezko ustelkeria kasu batzuk argitara eman ditugu.

Kode etikoaren bidez, berriro gure herrian holakorik ez gertatzea bermatu nahi dugu, ahal dugun neurrian, jakina.

-Bigarren fasean, zerrenda osatu zuten batzar ireki batean. Hautagaien izenak aipatu eta haien artean zerrendako kideak hautatu egin genituen bertaratu ginenen artean.

-Eta hirugarren fasean programa osatzen ibili gara, hurrengo lau urteetarako gure lan-proposamena, alegia.

Prozesu horretan jendeak erabaki ahal izan du zein batzarretara joan. Batzuk eztabaida faseko bileretara joan dira, beste batzuk zerrenda-kideak hautatzeko baino ez eta beste batzuk programa osatzen laguntzen egon dira.

Zure ibilbide profesional eta politikoa zein izan da?

Biologia ikasi nuen, baina horretan ia-ia ez dut lanik egin. Lizentziatu eta gutxira lanen bat egin nuen baina berehala Lip-en hasi nintzen lanean eta handik Tubacexera pasatu nintzen urte batzuk beranduago.

Politikan, berriz, duela lau urtera arte ez dut sekulan lan egin. Zuzenean lantegitik Alkatetzara pasatu nintzen. Ez naiz politikoa, nahiz eta orain denbora batean politiko lana egiten ari naizen, baina hauteskundeetan herriak beste talde bat aukeratzen badu Orozko gobernatzeko, ni nire lanera bueltatuko naiz, lantegira.

ADIE taldearen sorrera nola izan zen azalduko duzu?

ADIE 2010eko udan sortu zen, lagun batzuk gure herriaren gestioan parte hartzea erabaki genuenean.

Udalaren eta herritarren arteko komunikazio faltagatik arduratuta geunden, baina kexak Orozkoren etorkizunean parte hartzeko konpromiso bihurtu genuen.

Hilabete batzuk batzarrak egiten eta lanean ibili eta gero, talde indartsua sortu genuen. Herriagatik lan egiteko ahalmena eta ilusio handia genuen. Talde herritarra sortzea erabaki genuen, ez talde politikoa, eta independentea, Orozkori dagokion kontuetan lan egiteko bakarrik eta herriaren gerorako ona den edozein proiektua onartzen dugulako, berdin da nondik edo norengandik datorren.

ADIEko kideok, era pertsonalean, ideia politiko propioak ditugu, baina gure taldea ez da ideia horiek defenditzeko lekua, horretarako beste bide batzuk daude.

Guk ulertzen dugu herria gestionatzeko eta dinamizatzeko ez dela ideologia baten menpe egon behar, gure taldea anitza da eta Orozko hobetzeko denok beharrezkoak garela uste dugu, orozkoar guztiok, ez bakarrik ideologia zehatz bat konpartitzen dutenak.

Legealdi oso gatazkatsua izan da oraindik indarrean dagoena, orozkoarrei zein Orozkokoak ez direnei azalduko diezu zergatik?

Udaletxera sartu eta berehala bi alderdi politikoekin hasi ginen negoziatzen. Ez genuen gehiengo absoluturik (ADIEk 5 zinegotzi, EAJk 4 Bilduk 2), beraz ez zegoen gure esku erabakitzea nor izango zen alkatea.

EAJk eta Bilduk hiruron arteko gobernua osatzeko proposatu ziguten, baina gu ez geunden prest EAJrekin gobernatzeko.

Gure programa eta Bildurena oso antzekoak ziren, beraz logikoa ikusten genuen beraiekin akordio batera heltzea eta horren alde lan egin genuen.

Bildukoek behin eta berriro esaten ziguten EAJ ez zutela baztertu nahi, hiruron arteko akordioa izan behar zela, gobernuko ardurak hiruron artean banatu behar genituela.

Azkenean, haien arteko akordioa egiteko esan genien eta dana beraien artean banatzeko, gu ez geundelako prest horrelako Kontzentrazio gobernua sortzeko (gure blogean azaldu genuen garai hartan).

Baina haiek Alkatetzak guk hartzea nahi zuten: guk gobernatu, baina beraien arauak jarraitzen.

Orduan Bildukoek argi eta garbi esan ziguten, hitzez hitz: “gurekin edo gure kontra”. Eta hala izan da legegintzaldi osoan: ADIEk proposatutako hainbat eta hainbat proiektu blokeatu egin dituzte EAJrekin batera: aurrekontuak onartu ez, enpresa sustatzailearen zorra gutxitzeko proposatu ditugun proiektuei uko egin, gurekin akordiorik ez dute nahi izan, ezertan ez.

Zergatik egin duten, hori beraiek erantzun beharko lukete, herriak euren azalpena behar duela uste dugu.

Zein izan dira zure ustez ADIEren ekarpen garrantzitsuenak udal politikan?

Lehenik eta behin esan behar dut ADIEk bakarrik ez duela ekarpenik ekarri. Gure proiektua jendearen parte-hartzean oinarritzen da, eta jendearen laguntzagatik guk ezer gutxi egin dezakegu.

Horixe da, gure ustez, udal politikan egin dugun ekarpen garrantzitsuena: udala jendeari zabaltzea, jendeak udal erabakietan parte hartu ahal izatea. Lehen Orozkoren etorkizunerako erabaki garrantzitsuak hartzen zituzten herriari galdetu eta informatu barik, adibidez, parke eolikoa zegoen proiektatuta eta herritarrok ez genekien ezer, pisu kopuru izugarri handitu nahi zituzten, jendeari ezer esan barik, herritarrok ez genuen erabakietan parte hartzen ez eta udal kontuen informaziorik jasotzen: gastuak, kontratazioak eta abar. Udaletxera sartu ginenean jakin genuen Zubiaur Eraikuntzak-ek 5 milioi euroko zorra zuela…

Orain hori guztiz aldatu da. Urte hasiera guztietan, Gobernu Taldea bezala etxe guztietan uzten ditugu gure helburuak eta urte amaieran Donibane Aretora joaten gara jendeari zer egin dugun eta zer ez dugun egin azaltzera.

Web orriak guztiz berritu dugu, udal informazio eguneratua eskaintzeko eta tramiteak etxetik egiteko.

Udalbatzak orain arratsaldez egiten dira, jende gehiago joan ahal izateko, grabatzen dira eta Udal web orrian ikusgai jartzen dira.

Informazioa orain udaletxetik kanpora zabaltzen da eta herritarrek Udal erabakietan parte hartzen dute, horretarako tresnak eta parte-hartze prozesuak bultzatu eta ahalbidetu egin ditugulako: udaletxera sartu eta berehala parke eolikoari buruzko galdeketa egin genuen Orozkon, eta horren ondorioz lan egin genuen Orozkon parke eolikoa ez jartzeko (eta lortu genuen), aurrekontu parte-hartzaileak egiten ditugu urtero, auzoetako batzarrak bi urtean behin, Auzoetako Udal Kontseilua sortu dugu auzoekin komunikazioa eta parte-hartzea bermatzeko, jai batzordea orain herritarrez osatuta dago, herritarrek euskararen aldeko ekintzak antolatzen dituzte orain, obra handiak egin baino lehen auzokideen arteko prozesu parte-hartzaileak egin ditugu, besteak beste.

Hurrengo legealdirako zeintzuk dira ADIEren proposamenak?

Azken lau urteetan udal gobernuan egin dugun lanari jarraipena eman nahi diogu hurrengo legealdian. Ezerezetik abiatu ginen, eta esan genuena bete egin dugu: herritarrek badakite udalean zer egiten den, nola gastatzen den dirua, zergatik egiten diren gauza batzuk eta beste batzuk ez, eta aukera daukate udal erabakietan parte hartzeko.

Orozkoko jendeak badaki zelan funtzionatzen dugun, badaki lantalde handia dugula Orozkoren alde lan egiteko eta badaki bere laguntza ematen badigu gure herria hobetzen jarraituko dugula. Guztion artean bakarrik eraiki ahal dugulako guztiok nahi dugun herria. Beraz, orain arte bezala, jendea entzuten jarraituko dugu, eta esaten digutenaren araberako erabakiak hartzen.

Orozkoren jendeak badaki beti egia esan diogula eta gure esku egon den guztia egin dugula udal lanean. Horixe egiten jarraitu nahi dugu hurrengo lau urteetan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide