Duela lau urte hasitako prozesuaren ondorioa da Orozkoko Udaleko osoko bilkurak hartutako erabakia.
Izan ere, Urigoiti auzoan kokatuta dagoen Goiendegiko iturria Udalarena da baina bertara heltzeko bidea pribatua edo publikoa den zalantzan egon da prozesuan zehar.
Ikerketen ondorioz Udaleko idazkaritzaren txostenak frogatu du bidea publikoa dela. Beraz, nahiz eta Urigoitiko auzokide guztiak ados ez egon, aurkeztutako alegazio guztiak bertan behera utzi ditu Udalak eta bidearen publikotasuna bermatzea erabaki du.
Bestalde, Udalak iturria dagoen lursaileko jabeekin akordio batera heldu ondoren, lursaileko hegoalde partera iturria mugitzeko erabakia hartu dute. Horrekin, iturrira heltzeko sarrera publikoa eta gunearen ordena bermatuko dute.