Orozkoko Udalak azaldu duenez, hemendik aurrera pediatria-erizaintza kontsulta izango da herrian. Orozkoarrentzako beharrezkoa zen zerbitzua da hau eta urtarrilaren 19tik aurrera abian jarriko da, astelehenetan 12:00etatik 14:00etara.
Zerbitzu horrek pediatraren presentzia behar ez dituzten aldizkako azterketak eta txertaketak egiteko izango da. Laudioko Osasun Zentruko pediatra baten erizaina izango da Orozkoko kontsultategira hurbilduko dena.
Josu San Pedro, Orozkoko Alkateak, azaldu duenez “zerbitzu honekin gure herritarren aldarrikapen historiko bati erantzuna ematen diogu eta gainera zerbitzu pediatrikoa gure herrira hurbiltzen dugu”.
Osakidetzarekin umeentzako pediatria-erizaintza kontsultategia martxan jartzeko tratua egin du udalak gutxienez zerbitzuaren parte inportante bat Orozkora hurbiltzeko.
Gurasoek ezin izango dute Orozkoko Osasun Zentruan ezta Osakidetzaren webgunean hitzordua eskatu, beraz, umeen pediatraren kontsultan egin beharko dute, orain arte bezala.