Arturo Perez Reverte idazle espainiarrak Orozkori buruzko iritzi zutabea argitaratu du asteburuan Vocento taldeko gehigarri batean. Artikuluak oihartzuna izan du sare sozialetan, eta Josu San Pedro herriko alkateak gezurtatu du bertan kontatzen dena.
San Pedrok gogoratu du Orozkon Adie dela Udal Gobernu Taldea eta ez Bildu, Revertek jaso duen moduan.
Baina horren inguruan baino, idazleak deskribatzen duenari buruz mintzatu da San Pedro. Alkateak zehaztu du testuak jasotzen duen pasadizoaren harira ez zela egon larrialdiko bilerarik ez ezer, berak zuzenean kudeatu zuela guztia, alegia.
Aste Santuan -eta ez udan, Reverte hemen ere okertu da alkatearen aburuz- ahate zauritu bat zegoen Orozkon eta herritar batek eskatu zion udalari sendatzeko neurriak hartzeko. Erakundeak, ordea, jakinarazi zion Orozkoko Udalak ez duela bitartekorik horri aurre egiteko.
Animalien babeserako elkarte baten deia jaso ostean, Orozkoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan eta horrek jakinarazi zion ahate basatia izanez gero Foru Aldundiak jaso behar zuela animalia eta etxekoa izanik, udalarena zela ardura.
Orozkon jendeak elikatzen dituenez ahateak, ezberdintasuna ez zegoen batere argi, baina azkenean udal langileek harrapatu zuten ahatea eta Gorlizeko aterpera eraman zuten.
“Ahate maketoa” espezie inbaditzailea
Arturo Perez Revertek gogor salatu du bere iritzi artikuluan erakundeek ahatea ez uztea berriro Orozkon. Hori ahatearen izaera “maketoa”-ri leporatu dio idazleak, espezie inbaditzailea baita.
Baina txantxa horren aurrean, Josu San Pedrok azpimarratu du espezie inbaditzaileak -ahatea bezala- arazo larria direla Orozkon. Eta horregatik ahatea parke batera eraman dutela, kontrolpean dagoen leku batera, hain zuzen.
“Espezie inbaditzaileek tokiko espezieak kaltetzen dituzte, arrainik ez dago ibaian, adibidez”, azaldu du San Pedrok. Gainera, alkateak aipatu du diru asko bideratzen dela Orozkon espezie inbaditzaileei aurre egiteko.
Horregatik, zentzugabekeriatzat jo du Arturo Perez Revertek esandakoa. “Landare inbaditzaile bat kenduko bagenu, inori ez litzaioke bururatuko leku berean uztea”.
Bestalde, alkateak eskatu die herritarrei arduraz jokatzea eta espezie inbaditzaileak ez elikatzea, kontrolik gabe hazten baitira.