"Gorbeia eta Itzinan 900 kobazulo ditugu topografiaturik, 100 kilometro inguru"

Erredakzioa 2014ko abe. 2a, 12:39

PEDRO INTXAURRAGA (Orozko, 1954) espeleologo beteranoa da eta asteburuan kirol gutxituen inguruko mahai inguruan parte hartu zuen.

Espeleologiaren inguruko hitzaldia eskaini duzu asteburuan, zer azaldu zenuen?

Hasteko aipatu genuen espeleologia ez dela kirola. Guk ikusten dugu zientziaren esparrutik. Egia da teknika zehatz batzuk beharrezkoak direla baina ez da kirola, zientzia baizik.
Espeleologia hitzak berak latinean dauka sorrera: espelunca da kobazuloa eta logos zientzia da.

Kobazuloak ikertzen ditugu, finean.

PEDRO INTXAURRAGA (Orozko, 1954) espeleologo beteranoa da eta asteburuan kirol gutxituen inguruko mahai inguruan parte hartu zuen.

Espeleologiaren inguruko hitzaldia eskaini duzu asteburuan, zer azaldu zenuen?

Hasteko aipatu genuen espeleologia ez dela kirola. Guk ikusten dugu zientziaren esparrutik. Egia da teknika zehatz batzuk beharrezkoak direla baina ez da kirola, zientzia baizik.
Espeleologia hitzak berak latinean dauka sorrera: espelunca da kobazuloa eta logos zientzia da.

Kobazuloak ikertzen ditugu, finean.

Gure lana, lehenik eta behin, esploratzea da. Eta gero topografia zehatza egiten dugu: nolakoa den kobazuloa jasotzen dugu.

Bestalde kobazuloaren beste alderdi batzuk ere aztertzen ditugu: hidrologia, biologia, geologia...

Hori guztia jasotzen dugu eta adituei azaltzen diegu zer ikusi dugun, haien iritzia ere izateko.

Aurkikuntza horiek nola zabaltzen dituzue?

Lehenik eta behin taldeen artean zabaltzen ditugu. Eta urtero, espeleologia federazioak daukan aldizkarian espeleologia talde guztiok argitaratzen ditugu gure ikerketak.

Orozkoarra izanik bereziki ikertu dituzu Itxina eta Gorbeia, ezta?

Bai, larunbateko hitzaldian esan nuen, herrikook ez dakigu zer nolako aberastasuna daukagun kobazuloen aldetik hemen bertan: Itxinan eta Gorbeian.

900 kobazulo ditugu topografiaturik, 100 kilometro inguru.

Europako leku garrantzitsua da zentzu horretan.

Batzuk oso ezagunak dira, Otxabide edo ITX 80, adibidez. Eta duela bi edo hiru urte hiru kobazulo lotu genituen. Horiek hirurek 46 kilometroko garapena dute. Eta hori da Bizkaiko handiena.

Orozkon espeleologo asko daude?

Gutxi. Uste dut ni izan naizela lehenengoa eta nire alaba ere badabil. Baina ez dut inor gehiago ezagutzen Orozkon jaiota espeleologoa dena.

Orozkoko inguruetan ez ezik beste hainbat lekutan ere mugitzen zara, ezta?

Bai, Piriniotan Bu-56 kobazuloan, adibidez. Bere garaian hau izan zen sakonena, 1400 metro ditu eta.

Picos de Europan ere ibiltzen naiz, Mexikon espedizio bitan aritu naiz... Eta jende ona ezagutu dut, asko dakiena eta beraiek nola esploratzen duten ikusteko aukera izan dut. Sano pozik nago zentzu horretan.

Azkenaldian erronka berezia izan duzu. Madrilgo espeleologo batek istripua izan zuen Perun eta bertaratu zinen laguntzera.

Estatu Espainiarretik 80 espeleologo baino gehiago joan ginen. Txarrena izan zen lekura iristea. Oso urrun egon ez ezik altuera handia zuen lekuak, 3200 metro alegia eta komunikazioak oso txarrak ziren.

Hegazkinez joan ginen Limara eta handik hegazkin militarraren bitartez beste bi ordu, gero helikopteroz, gero oinez... oso txarto heltzeko.

Eta gero ondo eta erraz atera genuen kobazulotik. Berak 12 egun eman zituen bertan. Baina gero hiru egunetan atera genuen.

Zaila izan zen instalazioa egitea, soka ugari jarri behar izan genituen...

Esperientzia ona izan zen baina hobeagoa izan zitekeen.

Gobernu Espainiarrak ez du lagundu, baina espeleologoek sokorru taldeak ditugu. Beraz, horrelako istripua gertatuz gero, alerta gaude.

Gure taldean adibidez 90 espeleosokorrista daude eta 5 joan ginen.

Istripua aipatu dugu eta naiz eta oso ohikoa ez izan, nola animatuko zenuke jendea espeleologia egiten?

Niretzat espeleologia esplorazioa da. Ni leku askotan egon naiz eta esploratzen nagoenean oso pozik nago. Izan liteke Gorbeian, Patagonian, Perun edo Mexikon.

Nire buruan beti esplorazioa dago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide