Orozkoko Udalak energia gastuan aurreztu nahi du. Horretarako udal instalazioen energia kontsumoari lotuta dauden esparruak eskainiko die enpresei kudeatu dezaten. Urriaren 15ean iragarri du udalak asmoa.
10 urteko esleipena izango da eta 670.977 euroko aurrekontua izango dute enpresek. Hilero 5.591,48 euro eta urtero 67.097,76 hain zuzen. Horren truke udalak hainbat baldintza zehaztu ditu.
Enpresak energia horniketa kudeatu eta bermatu beharko ditu. Horretarako kontratuak bere gain hartuko ditu: ordainketak egin beharko ditu eta hornitzaileekin harremanetan egon.
Baina udalak orain arte eraikinak eta argiztapen-sistemak izan duten kontsumo maila hobetu nahi du. Hori dela eta, enpresa kudeatzaileak hainbat hobekuntza gauzatu beharko ditu argiak pizteko moduan, adibidez. Beroketa eta hozketa sistemen funtzionamendua ere bermatuko ditu enpresa esleituak.
Matxuraren bat gertatuko balitz Udaletxean, enpresa kudeatzaileak 2 ordutan konpondu beharko du udaletxea irekita egonez gero. Itxita egongo balitz 4 ordu izango ditu enpresak. Horretaz gain, gainerako azpiegituretan egon daitezkeen ezusteen aurrean 24 orduko zerbitzua eskaini beharko du esleipena lortzen duen enpresak.
Eraginkortasuna aintzat hartuko du erakundeak esleipena erabakitzeko orduan. Hau da, kontsumituko den elektrizitatea eta erregaia ahalik eta modu zuzenean erabili beharko da.
Horretaz gain, udalak mantentze-lanak eta konponketen eskumena kontratatuko den enpresaren esku utziko ditu eta aurrekontuaren barruan egongo dira gastu horiek. Gainera, zenbait instalazioen aldaketa ere egin beharko ditu esleipendunak.
Energia berriztagarriak
Orozkoko Udalak energia berriztagarriak sustatu nahi ditu esleipenaren bitartez. Hori finantzatzeko enpresa esleipendunak lortutako aurrezkiak helburu horretara bidali beharko ditu.
Zentzu horretan, erakundeak ziurtatu nahi du kudeaketa berriak aurreztea lortzen duela. Horretarako International Performance Measurement & Verification Protocol jarraituko dute eta enpresak teknikaria kontratatu beharko du.
Esleipena gauzatu bezain laster eta enpresak eraikin bakoitzeko funtzionamendua zehaztu ostean, hilabetea emango dio erakundeak esleipendunari irizpide neurtzaileak ezarri ditzan. Horien bitartez erakutsiko baitio udalari energia kontsumoa murriztu direla.
Derrigorrezko bisita
Kontratua lortzeko enpresek bisita egin beharko dituzte Udalak dituen azpiegituretan. Derrigorrezkoa da bisita eta erakundeak ekidin nahi du kontratua indarrean dagoenean esleipendunak baldintzak aldatzeko proposamena egitea