Orozkoko Udalak herritarren partaidetzarako ekimenak deitu berri ditu aurrekontu eta hirigintza alorretan. Azaroaren lehenean herriko etxe guztietara herrian bideratu beharreko hobekuntzak proposatzeko Udalak bidalitako galdetegia helarazteko epea itxiko dute.
“Oso garrantzitsua da danok parte hartu dezagun udaletxeko dirua zertan gastatuko den erabakitze-prozesuan” adierazi du gobernu taldeak. Ekarpenak, urrian zehar burutu berri diren auzo batzarretan jasotakoekin batera, 2015 urterako aurrekontuen prestakuntzan izango ditu kontutan gobernu taldeak.
Pla(zara) partaidetza-prozesua
Herritarren partaidetzan oinarritu den Zubiaur Pla(zara) prozesuaren emaitzak herritarren esku jarriko ditu Udalak azaroaren 6a bitartean. Orozkoko Museoan izango dituzte erakusgai eta 7an herri-aurkezpena egingo dute Donibane Aretoan 19:30ean.
Prozesuak herriko 4 gune izan ditu aztergai, Zubiaur plaza, Oderiaga kalea, Ibaiondo kale ondoko parkea eta Agirre Lehendakaria parkea. Plazari dagokienez ekarpen anitzak bildu dituzte bere itxura bateratzeko beharraren inguruan nagusiki, besteak beste, zoruaren itxura bateratzekoa, arkitektura-elementuak murriztearena eta arkitektura-oztopoak kentzekoa.
Bestetik plazaren erabilera soilik oinezkoentzat mugatzea proposatzen da, horretarako hiri-altzariak jarriz Oderiaga kalean autoen sarrera debekatzeko.
Proposamen zehatzen zerrendan azkenik, plazako zoruan Itxina bidearen irudikapena egitea, zuhaitzak eta harribolak kentzea, bizikleten aparkalekuak sortzea eta birziklatzeko paperontziak jartzea aurreratu dituzte.