Ikus-entzunezkoek protagonismo handia izango dute Orozkon.
Alde batetik, XIV. Gaztaina Egunaren arrakastaren ondoren, Supelaur Kultur Elkarteak film laburren emanaldia antolatuko du ostiralean, arratsaldeko 18:30ean Donibane Aretoan.
Duela urte gutxi hasi zen elkarte horrek proiekzio horek egiten eta hasieratik harrera ona jaso du.
Iaz bezala, aurten ere filmak ikusi eta gero, zuzendari batekin mahai-ingurua egongo da.
Hurrengoak izango dira bihar proiektatuko diren film laburrak:
-“Cuando los angeles vuelan” (16 min)
Pai Aparicio
-“Time out” (4 min)
Mohamed M’hambi
-“Minuto 102” (10 min)
Alae El Amaroui eta Alex Waudby
-“Gosea” (10 min)
Itziar Cantero
-“8mm-ko ERREPIDEA” (18 min)
Kimino Kolektiv
“Euskaraz bizi nahi dut” film laburren lehiaketa
Bestalde, Orozkoko Udalak “Euskaraz bizi nahi dut” film laburren lehiaketa antolatuko du. 600 euroko sari bakarra banatuko da. Lehiaketa horretan 5 minutu baino gutxiagoko iraupena duten pelikula laburrak soilik onartuko dira.
Lanek argitaratu gabeak izan behar dute, beste inon (jaialdi, lehiaketa, zinema, telebista edo interneten) ikusi gabeak.
Aurkeztutako lanen ezaugarriei dagokienez, masterrak gutxienez 1920 x 1080p (Full HD) erresoluzioan egon beharko du eta konprimitu gabeko formatuan (mov,
mpeg...). Lanak helarazteko ordea, interneterako edozein formatu onartuko da (mov, mpeg, flv, wmv...) eta gutxienez 1280 x 720p erresoluzioa (HD Ready).
Lanak Udalari helarazteko, filma interneteko plataformaren batera igo beharko da (Vimeo, Youtube, Daylimotion...) eta lortutako lotura edo url-a orozkoneuskarazbizinahidut@gmail.com helbidera bidali, loturarekin batera egilearen datu pertsonalak zehaztuz (izen abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa).
Lehiaketaren antolatzaileek bakarrik ikusteko moduan egon beharko du aipatutako plataforma horietan, alegia, ez da edonork ikusteko moduan egongo. Hautatutako egileek, masterra helarazi beharko dute aipatutako formatuan.
Aurkeztutako lanak beste edozein lehiaketa edo zinemalditara aurkeztu ahal izango dira. Orozkoko Udalak beretzat gordetzen duen eskubide bakarra lan horiek guztiak hedatzeko eskubidea da.
2015eko urtarrilaren 31n izango da lanak bidaltzeko azken eguna.