Beti bezala urriko azken igandean ospatuko da Gaztaina Eguna, aurten 26, eta aspaldi bezala autobusak egongo dira Usabelera igotzeko, goizeko 9:45etan Hegoalde auzotik. Herri bazkaria frontoian antolatuko dute eta bertan izango da tiketa eskuratzeko aukera.
2014ko Gaztaina Eguna aurkezterakoan aspaldi aipatutako bi arlo bereizi nahi izan ditu Supelaur Kultur Taldeak; alde batetik, Orozkoko ondarearen aberastasuna aipatuz, eta bestetik, urtero egiten duten jaialdia.
Aintzat hartu behar da Orozkok, bere 103 kilometro karratutan hainbat une eta historiako giza aztarnak dituela. Horietako ondare garrantzitsu bat, - Kirikiñausiak– ezagutarazi eta eroso ikusi ahal izateko ibilbide bat prestatu eta beste pasarte historiko batzuk erantsiz, Kirikiñausien Ibilbidea gauzatzea ebatzi zuen Supelaur Kultur Taldeak.
Kirikiñausiak
Euskal Herrian gaztainak gordetzeko erabili izan diren kirikiñausi katalogatuen ehunekorik nagusiena Orozkon bertan dago eta horregatik baloratu zuen Supelaurrek horiek garbitu, konpondu eta erakustea guztiz interesgarria eta beharrezkoa zela.
2001 hasi ziren Supelaurreko kideek zeregin horretan eta tartean beste jardunaldi batzuk prestatu izan arren - “Artzai Kulturaren Erakusketa” besteak beste- dagoeneko 14 urte eman dituzte Gaztaina Eguna antolatzen.
Elkarteko kideek uste dute ibilbide hori egiteak balioko duela Orozkoko baso eta mendietara bertaratuko diren pertsonak beste sentsibilitate bat azaltzeko, mendia beste era batera disfrutatzeko eta argi geratuko zaizkiela zelako balioa duen bazter horietan sakabanatuta dagoen ondarea, joandako bizimodu baten isla direna.
Egindako beharraren ondorioz gainera, gune natural garrantzitsu bat ezagutarazi dute, berreskuratuz eta bere zaintza eta babesa sustatuz.
Ondare historikoa zabaltzeko asmoa
Kirikiñausien Ibilbidea gauzatzeko beharrak amaitutzat ematen dituztenean, azken pausua izango da publizitate liburuxka argitaratzea, inguruko museo eta landetxeetan banatzeko eta web orri bat argitaratzea; web orria jadanik, martxan dago. Ibilbidean zehar dauden elementu guztiak, hurrengoak dira:
-Teilleriko labea.
-Kotxinarreagako kirikiñausia-txondarlekua.
-Atxuriko errota.
-Atxurikolandako kirikiña
-Saukuduiko kirikiñausia.
-Lastrabeko kirikiñausiak.
-Irukusigietako kirikuiñausia
-Txondar lekuak.