Orozkoko udalak Gorbeialdea elkartea eta hainbat eragile eta erakunderekin batera, Orozkoko I. Gastronomia Topaketa antolatu du. “Gorbeia jan jan” izena jarri diote topaketari eta hurrengo larunbatean, urriak 18, izango da Orozkoko Museoan.
Egunari hasiera emateko, 11:00etan Gorbeiako produktuen azoka zabalduko da. Goiza aurrera joan ahala gazta dastatzeko aukera egongo da Pagobieta gaztandegiaren eskutik (Ubidea) eta ondoren azokako produktuekin egindako show-cooking bat prestatuko dute, plater horiek dastatzeko parada emango dute.
Arratsalde partean, “Gaur meriendarako... dibertigarria” tailerraz gozatzeko aukera izango dute txikienak. Aldiz, nagusientzat Aldeko eztiaren dastatze-berbaldia antolatuko dute. Garagardoa ere dastatuko dute Baias Garagardoaren eskutik.
Ekintza gehienetan parte hartzeko partaideen kopuru mugatua egongo da, beraz, interesdunentzat hoberena da gonbidapenak eskuratzea Orozkoko Museoaren bitartez. Horretarako hurrengo telefono zenbakira dei daiteke: 94 633 98 23.