Hautsak harrotu ditu Zubiaur Eraikuntzak Sozietatearen gaineko epailearen sententziak

Erredakzioa 2014ko ira. 3a, 10:01

Bilboko Administrazioarekiko auzien 1º zenbakiko epaitegiak uztailaren 8ean eman zuen Zubiaur Eraikuntzak Sozietatearen gerentzia zerbitzuaren kontratazio prozesuaren gaineko epaia. Sententzia hau baina, abuztuaren 31an egin zen publiko, Orozkoko gobernuan den Adie talde independenteak bere web-gunean argitaratu ostean.

Bilboko Administrazioarekiko auzien 1º zenbakiko epaitegiak uztailaren 8ean eman zuen Zubiaur Eraikuntzak Sozietatearen gerentzia zerbitzuaren kontratazio prozesuaren gaineko epaia. Sententzia hau baina, abuztuaren 31an egin zen publiko, Orozkoko gobernuan den Adie talde independenteak bere web-gunean argitaratu ostean.

Sententzia errekurritzeko epea Irailaren 5ean amaitzen zela eta, Zubiaur Eraikuntzak Sozietatearen Ez-Ohiko Batzar Orokorra atzo bildu zen Orozkoko Udaletxean, errekurtsoa jarri edo ez erabakitzeko. Eztabaida gordin eta akusazio gogorren ostean, sententzia errekurritzea erabaki zuen Sozietateak EAJ eta Bilduren bozei esker, Adie taldeko zinegotziek aldiz, kontra bozkatu zuten.


Epailearen sententziak indemnizazioak eta ustezko delitu baten ikertzea agindu ditu

Javier Lanzos Bilboko Administrazioarekiko auzien 1º zenbakiko epaitegiko epaileak 2012ko azaroaren 26an onartutako Zubiaur Eraikuntzak Sozietatearen gerentzia-kontratazioaren esleipena baliogabe jo du lehiaketan puntuazio gehien eskuratu zuen enpresari ez zitzaiolako kontratazioa esleitu. Sententzia, gerentzia-kontratazioan puntuazio gehien lortu zuen enpresak Zubiaur Eraikuntzak Sozietatearen erabakiaren kontrako jarritako errekurtsoaren ondorio da.
Epaileak baieztatzen duenez, Sozietatearen Administrazio Kontseiluak esleipen prozeduran puntuazio gehien lortu zuen enpresa esleipenetik kanpo utzi zuen “inolako justifikaziorik eman gabe”. “Zehazki, puntuazio altuena izan zuen kontratuzko-proposamena atzera bota zen Kontratazio Mahaian onartua izan eta gero” azaltzen du sententziak.
Era berean, Kontratazio Mahaian erabakitakoaren kontra Sozietatearen gerentzia-kontratua jaso zuen enpresak “tratu-pribilegiatua” jaso zuela salatzen du, “kontratuzko orrien lanketan parte hartu zuelako, lizitatzaileen konkurrentzia librea murriztuz horrela”.
Kontratazio Mahaian puntuazio gehien jaso zuen proposamena baliogabe utzi zuen Sozietatearen Administrazio Kontseiluak, kontseilu honen kide ziren EAJ eta Bilduko ordezkariek horrela bozkatu eta gero. Adieko kontseilariek aldiz puntuazio gehien lortu zuen enpresari esleitzearen alde bozkatu zuten.
Kontseiluak hartutako erabakia “interes publikoaren aurka” doala adierazten du sententziak, “kontratuzko-prozesuan puntuazio gehien lortu zuen eta Administrazioarentzat onuragarriena zen proposamena atzera bota zelako”.
Era berean, epaileak adierazten du “esleipena manipulatzeko aurre-eratutako borondatea zegoela adierazten duten zantzuak” daudela. Gainera, Sozietatearen Administrazio Kontseiluak puntuazio altuena jaso zuen proposamena atzera botatzeko eman zituen argudioak banaka aztertu eta balio erabakiorrez hustu ditu Lanzos epaileak.

Arrazoitze-juridikoak xehetuta, epaileak kontratazio-erabaki administratiboaren baliogabetasuna aitortzen du lege-ondorio gabe utziz.
Era berean, Zubiaur Eraikuntzak Sozietatea errekurtsoa jarri zuen enpresari Sozietatearen gerentzia kontratuaren onuradun izateko eskubidea aitortzen dio, eskubide hori gauzatzera kondenatuz demandatutako Administrazioa, “edo, hau ezinezkoa balitz, sententziaren gauzatze-aldian zehaztutako kalte-ordainak ordaintzera”.
Azkenik, sententzia eta administrazio-espedientea Bilboko auzitegi-barrutiko Instrukzio Epaitegietara eraman dadin agintzen du, hala badagokio, Zubiur Eraikuntzak Sozietateko EAJ eta Bilduko 3 kontseilariek Kode Penaleko 262 artikuluan jasotzen den delitua egin duten ikertu dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide