Egitarau oparoarekin datoz sanantolinak Orozkon

Erredakzioa 2014ko ira. 1a, 10:38

Ez dira gutxi aurtengo Orozkoko Jaietarako prestatuak dauden ekintzak. Elkarte bakoitzak bere hare aletxoa jarri du gaurtik datorren igandera arte luzatuko den egitarauan.

Hasiera, Mariatxiekin

Ez dira gutxi aurtengo Orozkoko Jaietarako prestatuak dauden ekintzak. Elkarte bakoitzak bere hare aletxoa jarri du gaurtik datorren igandera arte luzatuko den egitarauan.

Hasiera, Mariatxiekin

Diru-faltak imajinazioa piztea eta bestelako ekintza ekonomikoki xume baina interesgarriak antolatzea dakar sarritan. Hori gertatu zitzaien iaz Matxintxu Emakumeen Elkarteko kideei: ordura arte antzerki talde bat ekartzen zuten jaietara, baina diru falta zela eta beste ekintza merkeago bat egitearen beharra ikusi zuten. Horrela bururatu zitzaien herritarrei mexikarrez janzteko deialdia egin eta mariatxi talde batekin kalejira antolatzea.

Iaz egin zuten ekimena lehenbizikoz, eta arrakasta handia izan zuen, elkarteko kideen hitzetan. Gauzak hala, aurten ere berriz egiteko asmoa dute. Txupinazo egunean izango da kalejira, 21:00ak inguruan hasita.

Irrintzi onena nork botako arituko dira Supelaurrek antolatutako lehian

Aiaiaiaiaiaiaiaiaiaiai... ai! ai! ai!”. Horrela izango litzateke irrintzi transkribatu bat. Irrintzi guztiak, baina, ezberdinak dira elkarren artean. Batzuk “i” gehiago dituzte, “a” gehiago beste batzuek.

Supelaur elkarteko kideek badakite hori, eta horregatik hainbat irizpideren baitan puntuatzen dute jaietan ospatzen duten Irrintzi Lehiaketa.

Lau dira, funtsean, baloratzen diren kontuak: irrintzia arnasaldi bakarrean botatzea, ahalik eta denbora gehien irautea, irrintziaren bukaeran tonalitateak gora egitea eta, bukatzeko, “irrintziaren edertasuna”.

Duela lau urte berreskuratu zuten Irrintzi Lehiaketa egitearen ohitura, elkarteko kide den Andres Larrinagaren hitzetan. Aurreko urteetan bezala, aurten ere dozena bat parte hartzaile inguru egotea espero dute Supelaurreko kideek.

Hiru saridun egongo dira: lehenengo postua eskuratzen duenak txapela eta 125 euroko dirusaria eramango ditu etxera. Bigarrenari 65 euro emango zaizkio eta hirugarrenari 50. Larunbatean izango da norgehiagoka, gaueko hamarretan.

Gazte Asanbladarekin batera, Txosnagunea

Irrintzi lehiaketa eta sardinada ez dira Supelaur elkarteak antolatuko dituen ekintza bakarrak izango: Gazte Asanbladarekin batera Txosnagunea muntatu baitute elkarteko kideek. Gune horretan ekintza ugari egongo dira: gazte-olinpiadak, afari eta bazkariak edota kontzertuak (Hutsa, Mandoilek, Bad Sound System, Born Avenue eta Esne Potak taldeekin).

Jaiak bai, kirola ere bai

Ez zaie motiborik falta Atxulaur futbol taldekoei San Antolinak gogoz ospatzeko, oso osasuntsu baitabil kluba azkenaldian. Festa eta gaupasa egiterako orduan baina, tentuz aritu beharko dira jokalariak, irailaren 6an Erregional taldekoek denboraldiaren aurkezpen partida jokatuko baitute herrian, 17:00etan. Hurrengo egunean kadeteen txanda izango da, ordu berean. Gainontzeko taldeak irailean hasiko dira baita denboraldiko lehen norgehiagokak jokatzen.

Berrikuntzekin dator auretengo joko-poteoa

Jaiak girotzeko eta koadrilak elkarren arteko harremana sustatzeko”. Xede horrekin hasi zen Adie elkartea jokopoteoa antolatzen Berakatz Egunean, elkarteko kide den Rakel Olabarriaren hitzetan. Joko horiek antolatzen diren laugarren urtea izango da aurtengoa, eta aurreko edizioen eskema bera jarraituko du: koadrilak tabernaz taberna poteatzen egongo dira, eta trago eta trago artean hainbat froga egin beharko dituzte.

Olabarriak azaldu du aurreko urteetan egindako joko berak errepikatuko dituztela: sako lasterketa, zapiaren jolasa, lokotx-kalimotxo bilketa, platanoaren jolasa, ginkana... Baina joko berriren bat ere prestatuko dutela aurreratu du Adieko kideak, baina ez du aditzera eman nahi izan, “sorpresa” izatea nahi dutelako.

Agur-dantza, Ubixeta Dantza Taldearen eskutik

Jaien azken eguna gorriz markatua dute Ubixeta Dantza Taldeko kideek euren agendan. Duela zazpi urte sortu zen taldea, eta ordutik hona ezinbesteko zita bilakatu da herriko jaietan antolatzen duten ikuskizuna. Bertan “talde osoa ateratzeko asmoa” dutela azaldu du taldeko kide den Aitziber Temprano Ruizek. 12:00etan izango da zita, Zubiaur Enparantzan.

Jaietan ere, pilotaz gozatzeko aukera Olgetan kirol elkartearen eskutik

Txupinazoa ikusi eta ez dago denbora galtzeko astirik: handik bost minutu eskasetara hasiko baitira pilota partidak plazako frontoian. Olgetan Pilota Kirol Elkarteak bi zita prestatu ditu aurtengo San Antolinetarako.

Jaien hasiera ostekoaz gain, beste partida-sorta batekin ere gozatu ahal izango dute pilota zaleek, San Antolin egunean.

Ohitura zaharra da egun horretako emanaldia. Hasiera batean Udalak antolatzen zuen, Bizkaiko Euskal Pilota Federakuntzarekin elkarlanean. Duela urte batzuetatik hona, baina, Olgeta elkartearen esku geratu da antolakuntza, klubaren lehendakaria den Asier Nabearen hitzetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide