“Pregoilari izatea proposatu zidatenean harritu egin nintzen, baina berehala esan nuen baietz”

Erredakzioa 2014ko ira. 1a, 08:32

ITZIAR BILBAOk (Portugalete, 1954) 30 urte igaro ditu Orozkoko anbulatorioan lanean. Aurten erretiratu da, eta pregoilaria izango da.

ITZIAR BILBAOk (Portugalete, 1954) 30 urte igaro ditu Orozkoko anbulatorioan lanean. Aurten erretiratu da, eta pregoilaria izango da.

Nola sentitu zinen pregoilari izateko hautatu zizutela esan zizutenean?
Alkateak eta kultur zinegotziak omenezko plaka bat eman zidatenean proposatu zidaten pregoilari izatea. Hasieran harritu egin nintzen, ez naizelako oso festazalea. Baina berehala esan nien baietz. Arrazoi asko ditut herri osoari eta udalari nire esker ona emateko, agurtzea egokitu zaidan momentu honetan adierazi didaten samurtasun guztiagatik.

Jaietan anbulatorioan lanean egotea egokitu zaizu festa egitea baino?
Noski. Lehenbiziko urteetan ni anbulatorioan iraunkorki nengoenez, jaietan eta jaiak ez ziren egunetan egotea egokitzen zitzaidan. Etengabe. Jaiak niretzat lana ziren, gehienbat. Baina duela urte askotako kontuez ari naiz hitz egiten, azken 15-20 urteetan ez da horrela izan.

Nola aldatu dira gauzak?
Hoberantz egin dute. Ordutegiak erregularizatzen hasi ziren Laudioko osasun-zentroko  oinarrizko arreta taldeko kide izatera pasa ginenean. Horrela, guardiak banatzen hasi ginen. Jai-egun eta asteburuetan egoteari utzi genion, Orozkoko larrialdi zerbitzuak Laudioren esku geratu zitezen.  Orozkon geundenoi askatasun asko eman zigun horrek.

Jaietan anbulatorioan gertatutako anekdotarik ez duzu izango...
Ez. Herriko festak lanarekin erlazionatzearen oroitzapena da dudana. Baina hori aspaldiko kontua da, anbulatorioan eguneko 24 orduak igarotzen genituen garaikoa. Jaia zenean askoz lan gehiago zegoen, noski; jaiak berez dakarrenagatik:  gehiago edaten dela, istripu gehiago daudela... baina hori guztia aspaldi igarotako zerbait da, eta herriko jaiak oso lasaiak izan dira beti.

Idatzia duzu jada pregoia?
Nik badakit zer esango dudan. Diskurtso txiki bat izango da. Ez dut oraindik egin, baina badakit zeintzuk izango diren oinarriak: herri osoari eskerrak ematea (bertan daudenei zein ez daudenei), udalari eskerrak ematea eta aitortzea ibilbide honetan guztian zehar pazienteekin izan dudan harremana guztiz gizatiarra izan dela. Azken finean, 30 urte izan direnez egon da parada nik eurak ezagutzeko eta eurak ni ezagutu eta naizen moduan onartzeko.

Aurtengo jaiak beste modu batean ospatuko dituzu beraz?
Nik ez dut jaietan aspaldidanik lan egin. Alde horretatik ez dira ezberdinak izango, baina jaietan murgilduagoa arituko naiz, noski.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide