Auzo kontseilua sortzea onartu da Orozkoko Udaleko Osoko Bilkuran. Kontseilu hori auzo-bileretako ordezkariek osatuko dutela azaldu du Josu San Pedro alkateak. Auzo batzarretan azalerazten diren proposamenak “hartu, elkartu eta lehentasunen arabera sailkatzea” izango da kontseiluaren funtzioa, alkatearen esanetan.
Auzo-kontseiluan hartuko diren erabakiak ez dira lotesleak izango. San Pedrok azaldu du udala izango dela azken hitza izango duena, baina auzokideen iritzi eta proposamenak onartzeko arazorik ez dutela gaineratu du.
Egin dituzte jada lehen auzo batzarrak. San Pedrok adierazi du gauza “oinarrizkoak” direla bilera horietan helarazi diren eskakizunak. “Gauza gehienak konponketak dira”, azaldu du San Pedrok, “errepidea, ura, zaborra... eta horrelako gauzak”. Gauza horietako batzuk, baina, udalaren eskumenetatik kanpo daude, alkatearen arabera. Errepideetako asko, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura dira. Horregatik, ahalako azpiegiturei begira ateratzen diren proposamenak diputazioari helaraziko dizkietela adierazi du alkateak. Antzeko zerbait egingo dute errekari begira atera diren ideiekin. Kasu horretan Ura agentziari helaraziko dizkiete. Datorren auzo batzarra urrian egitea du aurreikusia udalak.
Gaztetxeagatik galdezka
Auzo kontseilua onartu zen Osoko Bilkurara Gazte Asanbladako kideak joan ziren, eta Gaztetxeari buruz galdetu zioten alkateari, erregu eta galderen tartean. Hemendik aurrera Gaztetxearekin zer gertatuko den galdetu zioten, eta baita ea zergatik itxi zuten auzokideekin hitzarmen bat finkatzeko epea igarota. San Pedrok ez zuen horren inguruko adierazpenik egin, informazioa falta zitzaiola argudiatuta. Hilabete bat igaro da udalak gaztetxea zigilatu zuenetik.