Gazte Asanbladak bere 4. urteurrena ospatuko du

Erredakzioa 2014ko api. 24a, 11:08

Orozkoko Gazte Asanbladak 4 urte bete ditu eta larunbatean, apirilak 26, egun osoko egitarauarekin ospatuko dute.

Goizeko hamaiketan izango da txupinazoa eta Ñau! Irratsaioa martxan jarri orduko umeentzako tailerrak hasiko dira txikientzako, nagusiagoak direnentzako arropa birziklatzeko aukera egongo da “Truca Rec” elkartearen eskutik; ordu berean graffiti tailerra egongo da Gaztetxean.

Orozkoko Gazte Asanbladak 4 urte bete ditu eta larunbatean, apirilak 26, egun osoko egitarauarekin ospatuko dute.

Goizeko hamaiketan izango da txupinazoa eta Ñau! Irratsaioa martxan jarri orduko umeentzako tailerrak hasiko dira txikientzako, nagusiagoak direnentzako arropa birziklatzeko aukera egongo da “Truca Rec” elkartearen eskutik; ordu berean graffiti tailerra egongo da Gaztetxean.

Ordu erdi beranduago, 11:30etan, Pilotakadaz-Pilotakada txapelketaren kanporaketa berri bat egongo da kiroldegian, sakabanaketaren aurkako pilota txapelketa. Eta 13:30etan triki poteoan ibiliko dira herri osoan zehar 14:30etan hasiko den bazkarira hasi arte.

Bazkariaren ondoren bingoa hasiko da eta kartoi batzuk bete ondoren karaokea piztuko da arratsaldeko 18:00etan Gaztetxean. Ondoren, 20:00etan, Gaztetxearen aldeko manifestazioari hasiera emango diote herriko plazatik.

Eta bukatzeko, Kokotean Kosk, Aizkorakada, Guda Dantza eta Landazuri Bass Fundation taldeekin gozatzeko aukera egongo da jaia bukatu arte.

Gaztetxea

Apirilaren 26an Orozkoko Gaztetxeak urte bat beteko du eta momentuz alkatetzaren aginduz zigilatuta dago. Urtearen hasieran hasi ziren Gazte Asanblada eta Udal Gobernuaren arteko tira-birak; Orozkoko Gazte Asanbladak adierazi duenez, hasierako momentutik erabaki zuten bizikidetzari behar zuen garrantzia ematea eta auzokideekin akordioak bilatzea.

Gazte Asanbladak harreman bira bat jarri zuen abian auzo guztian zehar eta bizilagun guztien kezkak eta ardurak jaso zituen. Horren ondoren, Gobernu Taldeak Udala eta Gazte Asanbladaren arteko hitzarmen bat idaztea eta sinatzea proposatu zuen; Gazte Asanbladak salatu duenez, “lehenengo bileretan hitzarmena bukatzeko epeak finkatu ziren baina, gobernu taldeak gaia alde batera utzi zuen epeak bukatu arte. Behin epez kanpo egonda, Gazte Asanbladak Gaztetxearen jarduerari ekitea erabaki zuen eta gazteek adierazi dutenez, “Gobernu Taldearen erantzuna herria Gaztetxe gabe ustea izan da”.

Udal Gobernu taldeak, bestalde, lehen zigilatzea egiteko arrazoiak mantendu ditu eta zigilatzearen agindua ez errespetatzeko ondorioak Ertzaintzaren esku utzi du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide