"Eskaladak ez dit ezer kendu. Eman, ordea, dena"

Erredakzioa 2014ko mar. 28a, 09:49

IBAI ISUSI (Orozko, 1990) gazte-gaztetatik dabil eskalatzen. Hainbat txapelketetan aritu izan da eta sari ugari irabazi ditu. Kirol gogorra dela aitortzen du, baina Aiaraldean zabaltzen ari dela uste du.

Nolakoa izan da denboraldi hasiera? Zein garaipen lortu dituzu?
Aurtengoa nire urterik onena izan da, elite edo senior mailan parte hartzen dudan lehengoa.

IBAI ISUSI (Orozko, 1990) gazte-gaztetatik dabil eskalatzen. Hainbat txapelketetan aritu izan da eta sari ugari irabazi ditu. Kirol gogorra dela aitortzen du, baina Aiaraldean zabaltzen ari dela uste du.

Nolakoa izan da denboraldi hasiera? Zein garaipen lortu dituzu?
Aurtengoa nire urterik onena izan da, elite edo senior mailan parte hartzen dudan lehengoa.

Urte hasieratik entrenamendu gogorretan aritu naiz eta horrek bere fruituak eman ditu. Espainiako txapelketan oso sentsazio onak izan nituen, sasoi betean sentitzen nintzen eta 2. postua lortu nuen bertan.

Espainiako txapelketaren ostean Espainiako kopara aurkeztu nintzen. Hau 3 frogetan banatzen da: Zaragozakoa, Tortosakoa eta Bartzelonakoa. Lehenengo bi frogetan bigarren postua lortu nuen eta azkenengoan lehenengoa. Azkenean 2. postuan geratu nintzen baina sentsazioak ezin hobeak izan ziren.

Arrokan, iaz lortutako 8B gradua gainditu eta 8Cren bat egitea lortu dut, batzuk egitea lortu dut, ala ere txapelketek eta entrenamenduek denbora asko kendu didate.

Nolakoak dira zure entrenamenduak? Exijentzia maila altua da?
Aurten elite mailara pasatu naiz iaz sub-20 kategorian egon ostean, exijentzia maila oso altua da eta zaila da emaitza onak lortzea. Urte hasieran oso gogor entrenatzen dut, astean lau egunetan nator boulderrera eta asteburuetan eskalatzera joaten naiz, denboraldia aurrera egin ahala lasaitu egiten naiz txapelketetan lortutakoa mantentzeko.

Orozkoko boulderrean entrenatzen dut gehien bat eta noizean behin Leioakora joaten naiz. Asteburutan arrokara irteten naizenean Baltzolako kobetara edo Valdegobiara noa batez ere. Denboraldiaren arabera eskiatzera edo alpetara joaten naiz.

Azken asteetan apur bat geldi egon naiz azterketak eta belauneko lesio baten ondorioz, baina bueltan naiz berriz. Horretaz gain ez dut beste gauza espezifikorik egiten. Askok dieta zorrotz bat jarraitzen dute eta muturrera eramaten dute, nik denetarik jaten dut baina ez dut dieta zorrotzik jarraitzen.

Nola hasi zinen eskaladan? Zerk motibatu zintuen?
14 urte inguru nituela Orozkoko gaztetxokoan geneukan begirale batek bultzatu ninduen eskaladara. Honek udan rokodromora eta eskaladarekin erlazioa zuten beste ekintzetara eraman gintuen eta bertan pikatzen hasi nintzen. Garai hartan pilotan nenbilen eta Orozkoko boulderra muntatu zutenean ostiralero etortzen ginen egun pasa. Handik aurrera geroz eta gehiago etortzen nintzen eta 17 urte nituela edo pilota utzi eta eskaladan murgildu nintzen guztiz.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Oso zaila da eskaladaz bizitzea, sakrifizio asko egin behar dira eta ez da asko irabazten. Oso jende gutxik lortzen du, eta esan bezala, lortzen dutenek justu-justu irabazten dute aurrera jarraitu ahal izateko. Nik ere ez dakit zer egingo dudan etorkizunean, ez dut garbi; baditut beste afizioak. Hala ere, gustatuko litzaidake ahal dudan guztietan eskalatzen jarraitzea.

Hemendik aurrera Euskal Herriko txapelketan parte hartzen jarraituko dut, urtero bezala, Espainiako txapelketan, ordea, segun indarrak eta motibazioa nolakoak diren erabakiko dut aurkeztu edo ez. Kirol honetan dena motibazioan oinarritzen da. Hemendik aurrera kategoria pasatu dudala aprobetxatuz arrokan eskalatzean zentratuko naiz, galdu dudan denbora berreskuratzeko.

Zer eman eta zer kendu dizu eskaladak?
Kendu ezer ez. Eman, ordea, dena. Zure egunerokotasunean guztiz barneratzen den zerbait da, egunero zaude horretan pentsatzen, bizitza aldatu dit. Jende eta leku mordoa ezagutu ditut eskaladaren bidez. Aukera asko ematen dituen kirola da, lasai joan zaitezke, lagunekin egun pasa edo topera aritu zaitezke edozein txapelketatan.

Nola ikusten duzu eskalada Aiaraldean?
Jendeak egun pasa bezala hartzen du eskalada, urtean bitan eskiatzera joatearekin aldera daiteke. Bestalde badira entrenamendu hutsera mugatzen direnak. Konbinatzen jakin behar da. Orokorrean eskaladaren presentzia normalizatzen joan da jendea hau ezagutzen joan den ahala.
Orozkon adibidez 8 pertsona egoten gara boulderrean eskalatzen, gaztetxo asko dabiltza. orain udalarekin hizketan gabiltza boulderra handitzeko helburuarekin. Eskaladak etorkizuna badauka, ez dago dudarik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide