GOTZON MARTIN (Orozko, 1996) ziklokrossean eta txirrindularitzan aritzen da. Oraintsu, Holandako mundu mailako proban hartu du parte. Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu. Baita Igorreko nazioarteko proba ere. “Oso zaila” dela dioen arren, txirrindulari profesionala izatea du amets.
Ziklokrossean zabiltza. Nondik datorkizu grina?
Betidanik errepidean ibili naiz baina ziklokrossa betidanik gustatu zait. Duela lau urte hasi nintzen, gustatu egiten zaidan modalitatea da, nahiz eta oso gogorra eta explosiboa izan.
Ugaoko taldean zabiltza. Zergatik?
Ugaoko taldean hasi nintzenetik nago. Herritik gertuen dagoen txirrindulari elkartea denez aitak hor apuntatu ninduen. Zaletasuna etxetik datorkigu, aita gaztea zenean mountain bikean ibiltzen zen. Ni txikitan ere berdin nenbilen, baina errepidea eta ziklokrossa gehiago gustatzen zaizkit.
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Normalean astearte eta asteazkenetan intentsuagoak dira. Astelehen eta ostiraletan motelagoak; karreretatik errekuperatzeko eta forma onean iristeko. Astebururo ditugu lasterketak. Orain, deskantsu pixka bat hartzen nabil, bost aste karrera gabe egongo naiz; errepidean lehiatzeko prestatzeko.
Saririk irabazi duzu?
Aurten Bizkaiko txapelketa irabazi dut, ziklokross mailan. Baita Euskadikoa ere. Igorreko nazioarteko ziklokross txapelketan ere lehenengo geratu nintzen eta Duranan ere bai. Horiek izan dira irabazi ditudan garrantzitsuenak. Hala ere, zaporerik onena Igorrekoak utzi zidan, betidanik ikustera joan naizelako. Munduko kopa zen lehen, gaur egun diru faltagatik ez da mundukoa, baina oso maila altua du eta hori da niri gehien gustatzen zaidan proba.
Esfortzu asko egin behar da horretarako?
Bai, azkenean ikasketak eta entrenamenduak konpentsatu behar dira. Astea nekatuta bukatzen duzu, txirrindularitzan egunero entrenatu behar delako. Astean egun bat libre izaten dugu atsedena hartu eta deskonektatzeko.
Zer gustatzen zaizu gehien?
Txirrindularitzan dagoen giroa. Lasterketara zoazenean jende asko dago ikusten, errepideetako portuetan... Ziklokross probetan ere geroz eta gehiago ari da egoten. Eskualdean zaletasun handia dago, Euskadi mailan jende asko aritzen da. Baita ikusle gisa ere.
Gaur egun txirrindularitza mailan oso zaila da profesionaletara salto egitea baina ziklokrossean are zailagoa
Ziklokrossa ala errepidea, zein duzu nahiago?
Errepidea, irteera gehiago dituelako. Gaur egun txirrindularitza mailan oso zaila da profesionaletara salto egitea baina ziklokrossean are zailagoa. Izan ere, Espainia mailan postu onak lor ditzakezu, baina kanpoan, Belgika edo Holandan jende asko dabil eta zaila da.
Alde onak eta txarrak izango ditu kirol honek, ez?
Bai, alde ona esfortzua egin eta postu ona lortzean pozik geratzen zarela da. Txarra, lasterketan erorketa edo zulaketa baduzu dena pikutara doala.
Munduko txapelketan egon zara oraintsu, ez?
Bai, duela 3 aste. Esperientzia oso ona izan da, zirkuituan 50.000 pertsona egon ziren ikusten. Munduko onenak egon dira, maila oso handia dago. Holandan izan zen, Heiden hirian. Emaitzarekin oso pozik nago, 31. Postua lortu nuen, nire ustez apur bat hobeto egin nezakeen baina askoz hobe ez.
Mendik eskia ere egiten duzu, ezta?
Bai. Ziklokross denboraldia egin eta gero eskiko denboraldia egin dut orain arte. Aurten ez dut egingo, errepideko prestakuntza moduan lasterketa bakarra egingo dut. Isaban parte hartuko dut, Euskadiko txapelketan baina ez nago oso forma onean.
Anekdotaren bat izango duzu kontatzeko, hortaz!
Munduko txapelketan egun txarra izan genuen. Hoteletik irten eta materiala zeraman furgoneta irauli egin zen. Lasterketaren irteera justu iritsi ginen, ezin izan genuen beroketarik egin. Lehiaketako irteeran azken filan geunden, erorketa bat egon zen lehen filan eta zorte txarra izan genuen.
Erorketak garrantzitsuak dira, ez?
Bai, errepidean gehiago. Ziklokrosseko zirkuitua azkarra bada, denbora asko galtzen duzu eta gero ez dago zer eginik.
Kirolari bezala zein da zure ametsa?
Txirrindulari profesionala izatea, baina hori oso zaila da. Egunero entrenatu beharko dugu hori lortu ahal izateko.