Atzo arratsaldean bildu ziren Orozkoko udal-gobernuko eta Gazte Asanbladako kideak, Gaztetxearen itxiera agindua zela eta konponbide bat bilatzeko.
Gaztetxearen jarduera erregulatzeko hitzarmen bat sinatzea proposatu zion Gazte Asanbladak Udalari. Baina proposamen hori alboratu eta beste bat egin zien Josu San Pedro alkateak asanbladako kideei: gaztetxearen inguruan bizi diren auzokideekin hitz egitea. Baina San Pedrok ez zuen zehaztu nola negoziatu behar zuten auzokideekin; konponbidearen erritmoak “auzokideek eta gazteek markatu behar dituztelako”, bere hitzetan.
Gazte asanbladak zenbait konpromiso bete ez dituela eta auzokideak zaratagatik hainbat aldiz kexatu direla argudiatuta eman zuen udal-gobernuak Gaztetxea ixteko agindua, iragan astean. Udal-gobernuaren dekretu bat jaso zuten asanbladako kideek, ixteko agindua baino astebete lehenago. Dekretu horretan Gaztetxearentzat “aktibitate lizentzia” bat eskuratzea eskatzen zitzaien; nahiz eta udalak badakien ezin dutela lizentzia hori eskuratu eta gaztetxea ireki zenean txosna izateko baimena eskatu eta fidantza jarri zuten, asanbladako kideen arabera. Ixteko agindua jaso eta berehala hasi ziren mobilizazioak antolatzen: kontzentrazioa eta kazerolada egin dituzte, momentuz.
Ekintzarik ez
Desalojoa momentuz baztertua dagoen arren, gazte asanbladak salatu du bihartik aurrera Gaztetxean ekintzak egitea debekatu duela udalak. Alkateak ez du horren harira adierazpenik egin nahi izan. Hala ere, udalaren proposamena aztertuko dutela baieztatu dute asanbladako kideek.