Gazte Asanbladak mobilizazioak deitu ditu Gaztetxearen proiektua defendatzeko

Erredakzioa 2014ko ots. 5a, 10:55

 

 

 

Orozkoko Gazte Asanbladak bi deialdi zabaldu ditu gaztetxea ixteko agindua salatzeko. Bihar Zubiaurren elkarretaratzea egingo dute 20:00etan eta ostiralean 19:00etan mobilizazio zaratatsua.

Momentuz, gazteek ez dute erabaki zein izango den bere jarrera itxieraren inguruan bide ezberdinak aztertu arte. Aurrean dituzten hiru aukera, haien aburuz, irtenbide legala, udalarekin akordioa edo erresistentzia dira.

Momentuz, lokalaren jabeak igandera arte luzatu die gauzak ateratzeko epea. Hedabideetara bidalitako oharrean, Gazte Asanbladako kideek azpimarratu dute alkateak ez duela beraiekin hitz egin nahi.

Josu San Pedro alkateak, ordea, adierazi du inork ez diola deitu eta prest dagoela hitz egiteko. Alkateak nabarmendu du ixteko agindua ez dela hustea: “hau ez da Kukutza”, esan du. San Pedrok argudiatu du Gaztetxeak ez dituela hainbat konpromiso bete (ordutegiak, kontzertuak, garbiketa, talde politiko batek erabili du eta ez Gazte Asanbladak, aurreikusita ez zeuden ekintzak egitea...) elkarbizitza arazoak sortuz eta horren ondorioz eman dutela ixteko agindua.

Hala ere, Gaztetxearen jarduera legalizatuz gero, Udalak ezingo lukeela lokalaren irekiera eragotzi gaineratu du alkateak.

Gazte Asanbladaren bozeramaile batek, ordea, adierazi du beraientzat ezinezkoa dela jarduera-lizentzia eskuratzea.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide