Orozkoko alkatetzan dagoen Adie talde independenteak jakinarazi duenez, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Orozkoko Udalari buruzko fiskalizazio txostena argitaratu berri du. Txostenak adierazten duenez, EAJ Zubiaur Eraikuntzak Sozietate publikoaren buru zenean hainbat irregulartasun egin zituzten 2007 eta 2011. urteen artean.
Izan ere, Zubiaur Eraikuntzak Sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak 2007an lehendakariari dieta kontzeptuan hilero 1.030 euroren ordainketa egitea erabaki zuen, hau da, 14.424 euro urtero. Epaitegiaren txostenaren arabera kopuru hori finkoa eta hilerokoa izatea, izaera orokorrarekin zerbitzuagatiko kalte-ordain gaietan ezargarriak diren zorpetze eta justifikazio arauen aurkakoa da. Sozietatearen lehendakariak 2011n utzi zion diru hau kobratzeari, Adiek alkatetza eta beraz, sozietatearen lehendakaritza lortu zuenean.
Adiek salatu nahi du, aurreko urte guzti hauetan Orozkoko herriak ez duela gastu hauetaz ezer jakin sozietateak ez zituelako bere aktak publikoak egiten. Beraien kalkuluen arabera, lau urte hoietan, lehendakariak 50.482 euro jaso zituen; datu oso nabarmena sozietateak 2010ean 600.000 euroko diru-laguntza eskatu zionean udalari.