Ernai Gazte Antolakundeko orozkoko kideek dokumentala aurkeztuko dute ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan, Orozkoko Gaztetxean. Bertan, Alaitz Aramendi eta Pablo Gorostiagaren senide eta lagunak agertzen dira eta hainbat bizipen kontatzen dituzte.
“Bakarka ezin lei” izena dauka dokumentala eta Euskal Preso eta Iheslarien gaia jorratzeko sortu duten dinamikaren barruan aurkeztuko dute, “Denak ala inor ez”.
Kontatu digutenez preso eta iheslarien aldeko konpromiso eta praktikan oinarrituko den dinamika izango da. Egungo egoera politikoari erreparatu ondoren, ezinbesteko ikusten dute, gazteria ere, egoeraren aurrean altxatu eta borrokari ekitea. Dinamikaren beste helburuetako bat, estatu espainiar zein frantsesak konponbideari jartzen dizkioten oztopoak salatzea da, atxiloketak, torturapeko deklarazioetan oinarritutako zigorrak, epaiketak, salbuespen espetxe politikak, iheslarien aurkako euroaginduak… honen aurrean gazteok ere konponbidearen eraikuntzan pausuak ematea beharrezkoa dela uste dute. Bide horretan preso eta iheslariak gatazka konpontzeko ezinbesteko agente direla ulertzen dutelako eta hori izango delako beraien borrokaren oinarria.
Ildo guzti hoietatik jarraituz, herrian ezkutatu dagoen gaia azaleratu nahi izan dute Orozkoko Gazteak.