Arratia-Nerbioi eskualdeko abeltzain talde bat hasia da Gorbeialde Landa Garapenerako Elkarteak sustatzen duen zuzenean ereiteko teknika erabiltzen. Proiektua eskualdeko lan-taldeetan sortu da, bertoko lehen sektorearen plan estrategikoa garatzeko sortu ziren lan-taldeetan hain zuzen ere.
Joan den udaberrian, kalitate handiko bazkarekin azienda-produkzio errentagarria lortzeko ikastaroa egin zen Orozkon. Eskualdeko hogei bat abeltzainek parte hartu zuten prestakuntza-ikastaro hartan. Bertan botatako proposamenak jaso eta zenbait larretan zuzenean ereiteko teknika hau probatzea erabaki zuen Gorbeialdek, teknika bera ezagutarazteko, batetik, eta bestetik, ikerketa txiki bat egiteko ea benetan aplikagarria izango ote zen Gorbeialdeko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan.
Berrikuntza nagusia da zuzenean larrean ereiten dela, bertan dauden belar eta landareen gainean, lurra batere irauli gabe. Lurrean bi eta lau zentimetro bitarteko ildaskak irekitzen dituen ereiteko makina batez. Ildootan makinak berak botatzen ditu haziak eta gero alperra pasa eta itxi ere egiten ditu, dena jarraian, ekintza bakar batean. Probako saio honetarako, Gorbeialdek zuzenean ereiteko makina bat alokatu du eta egin behar izan diren jarduera guztiak kudeatu ditu.
Zuzeneko ereintzaren abantailak:
Sistema honek onura ederrak dakartza, batez ere ereintza bizkor eta epe laburrean egiten dela eta hala, larreak berehala hasten direla ernaberritzen.
Egitasmoaren barruan, dagoeneko 23 hektarea larre erein dituzte Urduñan eta Orozkon, eta horrez gainera, hainbat landare espezieren gainean -hirusta zuria, hirusta gorria, astorkia, zalkea eta oloa, esate baterako- ikerketak ere abiarazi dituzte.
Proiektuaren berri eskualdeko ganadutegi guztietara zabaltzeko asmoz, bisita gidatuak egingo dira esku hartutako lur-sailetara.