Urriaren 31n hasi zen VI. Aste Mikologikoa Orozkon, Pintxo Mikologikoen III. Lehiaketarekin. Bertan, Arrugaeta, Itxina eta Zubiaur tabernek hartuko dute parte. Taberna horiek eskainiko dituzten pintxoak azaroaren 9an dastatzeko aukera egongo da.
Bestalde, azaroaren 9an Arbaizako baselizan 19:30ean Urtzi Verak prestatutako argazkien proiekzioa programatu da. Jarraian Arbaizako txokoan Tomas Sautuak prestatutako pintxoak egongo dira.
Aurten, Orozkoko VI. Aste Mikologikoak ekimen berriak ekarri ditu; azaroaren 10ean burutuko den zizaz egindako zentro eta osaketen I. Lehiaketa hain zuzen ere. Umeentzako eta nagusientzako kategoriak izango ditu. Lehiaketaren helburua, zizetan oinarritutako zentroa sortzea da, beste elementu batzuk gehitu daitezkeelarik, udazkeneko fruituak, adarrak, elementu apaingarri naturalak edo artifizialak esaterako. Modu berean, ingurumen-babespean edota desagertzeko zorian dauden zizak edo bestelako osagaiak ezin dira erabili. Lehiaketa horren oinarriak Udalean, Induman edo Orozkoko webgunean aurkitzen dira.
Aste Mikologikoari bukaera emateko, azaroaren 10ean 12:30ean “Bost zentzumenekin gozatzen” mahai-ingurua egongo da Orozkoko Museoan eta 14:00etan Zentro eta Osaketen lehiaketako sariak banatuko dira Zubiaur Plazan.