Orozkoko Udalak datorren urterako ordenantzak onartu ditu. Hauen bidez 1,9ko igoera aplikatuko da zerga guztietan. Besteak beste, ura, zaborra, lizentziak, kotxeak, saneamendua… eta kiroldegiari eragingo die igoera horrek.
RGI diru-laguntza jasotzen dutenek zerbitzuak dohainik izango dituzte, betiere 25m3 baino gutxiago gastatzen badute.
Kiroldegiaren tasek ere aldaketa pairatuko dute. Elbarriek prezio osoaren %33 ordaindu beharko dute instalazioen erabilerarako. Taldean joan nahi duten erabiltzaileek ere aukera berriak izango dituzte, prezio bereziez baliatuz. Horretarako, 15 pertsona baino gehiago izan beharko dira eta talde ofizialki erroldatuta egon.
Azkeneko baldintza hori kirol talde, elkarte, eskola eta ezaugarri berdintsuak dituzten beste hainbatek beteko lukete. Taldeetako partaideek banaka ordaintzen diren 4 euroen erdia ordaindu beharko dute datorren urtetik aurrera. Zehazki, bi eurotan izango dute sartzeko aukera.