Apirilaren 2an 225 urte beteko dira Orozkoko Udala Bizkaiko Jaurerrian behin betiko sartu zenetik; ospakizun hori dela eta, kultur jarduerak antolatu ditu urte osoan zehar garatzeko. Ekitaldi horiek guztiek logotipo bera izango dute, beren-beregi ekimen horietarako diseinatua.
1785eko apirilaren 2an, Orozko Haraneko ordezkariak Gernikako Batzar Nagusietara joan ziren Bizkaiko Jaurerrian onartuak izateko; izan ere, haraneko bizilagunek, 1784ko uztailaren 31n Larrazabalen egindako batzarrean, Bizkaian sartzeko baldintzak onartu zituzten.
Bizkaiko Jaurerriaren eta Orozko Haranaren arteko hitzarmenak, Juan José González Sánchez bexilologoak jasotako datuen arabera, honako kapitulu hauek zituen:
* Lehenengo kapitulazioaren arabera, Jaurerrian zeuden karga guztiei lotuta geratzen zen Orozko Harana, gainerako hiribilduak eta elizateak bezalaxe.
* Bigarren kapituluaren arabera, haraneko etxebizitzen zentsua egingo zen.
* Hirugarren kapituluaren arabera, Orozkok Batzar Nagusietan parte har zezakeen, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izanik.
* Laugarren kapituluak ezartzen zuen Orozko Harana jaurerriaren gobernuaren menpean geratzen zela, “sin alterarle el particular político y económico que hasta aquí había tenido y tiene, ni la jurisdicción que en primera instancia competía a su alcance ordinario entre sus vecinos y moradores en los casos y cosas que había lugar por fuero y derecho; bien entendido que si el Sr. Corregidor del Señorío se hallase en dicho Valle, tendría la jurisdicción a prevención con el expresado alcalde ordinario, según y como se practicaba en las villas“.
Bosgarren kapituluan argitzen zen gorte-auzitegiko kasuak korrejidorearen ardurapean zeudela, horien berri lehenengo auzialdian izateko, ohiko alkatea zuten Bizkaiko udalerrietan egiten zen bezala. Halaber, ohiko alkatearen auzitegian hasiera zuten auzi guztien apelazio maila ezagutzea korrejidoreari baino ez zegokion, eta lehenengo auzialdian ere, beraiek beste ezagutu ezin zituzten auzietan, korrejidoreari eta diputatu nagusiei foruak ezarritako moduan eta kasuetan ezagutzea zegokien.
* Amaitzeko, azken kapituluan argitzen zen Jaurerrian sartzeko zailtasunen baten ondorioz gastuak egonez gero, orozko haranaren kontura geratuko liratekeela. (E. J. de Labayru, 1898: Tomo VI, p. 482-483)
“Cadizko Gorteek 1811n ezarri zutena hogeita hamar urte lehenago egin zuen gure haranak bere eskubideen aldeko borrokan. Orain, 225. urteurrena dela eta, aurrerapauso hura nabarmendu nahi dugu, gure historian garrantzi handikoa izan delako” adierazi du Juan Antonio Olagenaga Orozkoko alkateak.