Zubiaur Eraikuntzak-eko lehendakaritza utzi du Adie taldeak

Txabi Alvarado Bañares 2013ko uzt. 18a, 09:45

Zubiaur Eraikuntzak sozietateko administrazio kontseiluko lehendakari eta idazkariak dimitu egin dute, biak ala biak Adiekoak. Hala, erabaki honekin, “EAJ eta Bilduren esku” utzi nahi izan dute sozietatearen kudeaketa.

Zubiaur Eraikuntzak sozietateko administrazio kontseiluko lehendakari eta idazkariak dimitu egin dute, biak ala biak Adiekoak. Hala, erabaki honekin, “EAJ eta Bilduren esku” utzi nahi izan dute sozietatearen kudeaketa.

ADIEk aurkezten zituen proposamenak “sistematikoki” blokeatzen zituzten bi alderdi horiek; eta hori izan da, plataforma herritarraren arabera, administrazio kontseilua uztearen arrazoi nagusia. Duela urte bat lehendakariari “erabakiak hartzeko eskumena” kendu izanak ere eragina izan du erabakian. Hortaz gain, sozietatea, gaur egun dagoen bezala, existitzeko arrazoirik ez duela gaineratu du ADIEk, eta bi argudio baliatu ditu hori baieztatzeko.

Alde batetik, etxebizitzen prezioa. Zubiaur Eraikuntzak kudeatzen dituen pisuen prezioa herriko beste etxebizitza huts batzuek dutenaren antzekoa “edo handiagoa” dela ziurtatu dute plataformako kideek, eta gogorarazi dute beraiek prezio jeitsiera bat proposatu zutela, “etxebizitza sozialen eredura itzultzeko”, baina Alderdi Jeltzaleak eta Bilduk atzera bota zutela.

Beste aldetik, sozietatea mantentzeak dakartzan gastuak daude. Zubiaur Eraikuntzakek 5 milioi euroko zorra duela azaldu du Adiek, eta urtero 100.000 euro gastatzen direla soldatetan, “jarduerarik egon ala ez egon”. Horren harira, plataformak adierazi du beraiek gerentzia merketzeko hainbat proposamen egin zituztela, hortan doalako diru gehiena, 60.000 euro urtean. Bi izan ziren egindako proposamenak: beste enpresa batzuen eskaintzak aztertzea –urtean 80.000-10.000 euro soilik gastatzen dituzten enpresak daudela argudiatuta- eta gerentziaren lana udaleko teknikariei pasatzea. Baina Bilduk eta EAJk ez zuten ez bata ez bestea onartu, plataformaren arabera betiere.

Hortaz gain, gerentzia berria hautatzean gertatutakoa salatu du Adiek. Plataformak azaldu du lehiaketa “EAJk kontratatutako aurreko enpresak” irabazi ez zuenez, “prezio eta zerbitzu onena” eskaintzen zuen enpresak gerentziaren kargu egitea ekidin duela opozisioak. “Enpresa irabazlearen demanda judizialari aurre egin behar dio orain sozietateak”, deitoratu du.

 

Kontuen errefusatzea

Dimititzeko beste arrazoietako bat sozietateko 2012ko kontuen errefutsatzea dela gaineratu du Adiek. Ekainean onartu zituen kontu hoiek administrazio kontseiluak, baina handik egun batzuetara Batzar Orokorrak atzera bota zituen. Zehazki, lehendakariak 2011an kontratatutako bideragarritasun ikerketaren bigarren fakturarekin eta 2013an enpresa bati kontabilitatea eraman zezan egindako kontratazioarekin sortu ziren desadostasunak, plataformaren arabera.

Horregatik, Adiek esan du ez duela ulertzen nola bozkatu dezaketen kontra batzar orokorrean EAJk eta Bilduk, “administrazio kontseiluan alde bozkatu duten bitartean”. Eta gaineratu du kontuak ezin direla berriz egin, desadostasunak sortzen dituzten puntuek ez dutelako 2012ko kontuekin zer ikusirik.

Horregatik guztiagatik, Adiek ondorioztatu du ez dagoela prest Alderdi Jeltzalearen aurreko legealdiko “txantxullo guztien” ardura bere gain hartzeko, eta sozietatea “arma politiko” moduan erabiltzea egotzi dio opozisioari, “Orozkoko herritarren zerbitzura jarri beharrean”

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide