Gaur irekiko ditu lehenbizikoz ateak Orozkoko Gaztetxeak, Orozkoko Gazte Asanbladaren eskutik. Horretarako, inagurazio festa dute antolatua asanbladako kideek arratsaldeko zazpietarako. Ordu horretan emango zaio hasiera egitarauari Gaztetxearen irekierarekin. Ondoren, 20:00etan, gaur goizean diskoa aurkeztu duen Mandoilek taldearekin kalejira egongo da herrian zehar. Handik ordu betera luntx-a egongo da eta bukatzeko, 22:00etan, kontzertuak egingo dira Gaztetxean bertan Hilbete eta Legeak Sutan taldeen eskutik.
Alokairua
Orozkoko Gazte Asanbladak urteak daramatza lokal publiko eta autogesnionatu baten aldeko borrokan, eta aldarrikapen horren aldeko hainbat ekimen plazaratu ditu. Udalarekin negoziatzen ere aritu dira asanbladako kideak, baina azkenean alokairuzko lokal bat eskuratzea erabaki dute. Lokalean duela hilabete batzuk sartu ziren, eta orain arte atontze eta berrikuntza lanetan aritu izan dira.