ADIEk adierazi du Orozkoko Udalak 2.500.000 euroko irabaziak lortzeko asmoa zuela
Orozkoko Udalak 2.500.000 euroko mozkinak irabaztea zeukan aurreikusita Hegoalden kokatutako prezio tasatuko 110 etxebizitzen salmentatik. Hala dio ADIEren Udal Gobernuak ateratako prentsa-ohar batek. Proiektua kudeatzeaz arduratu zen Zubiaur Eraikuntzak udal sozietateak, 120.000 euro irabazteko asmoa zuela ondorioztatzen du gainera bideragarritasun ikerketak, Talde Independienteak abian jarritakoa.
ADIEk azpimarratu du Orozkoko aurreko alkate eta Zubiaur Eraikuntzakeko presidenteak, Juan Antonio Olaguenaga jeltzaleak, bere garaian ziurtatu zuela Udalak eta Zubiaur eraikuntzak ez zutela diru-irabazirik izango. Izan ere, pisuen salmentan lortzen zen dirua kosteak ordaintzeko baino ez zen baliatuko. Hala, gainbalio horiek lortzeko udalak pisuen prezioa %18 igo zuela kalkulatu du ADIEk. “Erosleen fede onaz baliatu ziren”, prentsa oharraren arabera.
Hortaz gain, bideragarritasun ikerketak ondorioztatzen du udalak 300.000 euro gastatu zituela etxebizitza horiek eraikitzeko orubeak erosten. Baina gerentziaren txosten batek 900.000 euro gastatu zirela dio, betiere ADIEren arabera. Hala, udal taldeak bi zifren artean dauden 600.000 euroak non dauden galdetu du.
Zubiaur Eraikuntzak sozietateari orube horiek 327,78 euro/m2-ko prezioan saldu zitzaizkiola gaineratu du ADIEk, garai berean enpresa pribatu batzuei orubeak 117 euro/m2-ko prezioan saldu zitzaizkien bitartean. “Udala eta Zubiaur Eraikuntzak gauza bera badira, zergatik saldu garestiago euren buruei enpresa pribatu baino?”, galdetzen du ADIEk prentsa-oharrean.
Gainera, Zubiaur Erainkuntzakek 160.000 euro ordaindu zizkion Udalari 2010ean bigarren faserako behar diren orubeengatik. Hegoaldeko pisuen eraikitze lanak bi fasetan zeuden planeatuak, eta bigarrenean azken bi etxebizitza blokeak eraikiko ziren. 160.000 euro horiek ordaintzeko, betiere ADIEren arabera, sozietateak kreditu bat eskatu behar izan zuen. ADIEk kreditu hori eskatzea kritikatu du, oraindik ez zegoelako zehaztuta pisuak noiz eraikiko ziren eta ez zeudelako pisu horien erosleak ziurtatuta.
Kontu-ikuskaritza eskaera
ADIEk kontu-ikuskaritza bat eskatu du gertatutakoa argitzeko. Udal taldea Zubiaur Enpresaren administrazio kontseiluan sartu zenean gerentziak txosten bat egin zuen zeinetan esaten zen 2. faseko bi blokeak eraiki ezean sozietateak 3 milioi euroko galerak izango zituela, prentsa oharraren arabera betiere. Hala, taldeak aipatutako bideragarritasun azterketa jarri zuen abian. Azterketa horren ondorioen arabera, sozietateak 2017rarte iraun ahalko luke ezer eraiki gabe eta 2. faseari ekingo ez balio galerak 200.000 eurokoak izango lirateke, eta ez 3 milioikoak.
Bukatzeko, udal-taldeak adierazi du ikerketak 14.000 euro balio izan dituela, Olaguenagak sozietatearen presidente postuan urtero irabazten zuena baino gutxiago. Hala, presidente berriak soldata horri uko egin diola jakinarazi du taldeak.