Argazki guztiak apirilaren 4rarte egongo dira ikusgai Orozkoko Museoan
Orozko Kliken bigarren edizioak “aurreikuspenak gainditu” dituela adierazi du udalak. Guztira 55 izan dira argazki lehiaketa horretara aurkeztutako argazkiak.
Gurene Granderen “Salzburgotik maitasunez” argazkia izan da garaile. Bigarren postua Natalia Olabarriak lortu du “Azkeneko Leie!” lanarekin. Ieltxu Camararen “Mont Blanc” irudia geratu da hirugarren. Hiru irabazleak orozkoarrak dira.
Orozko Klik lehiaketa Induma gazte informazio guneak antolatzen du. Txapelketaren helburua Orozkoko argazki zaleen zaletasuna sustatzea da, Begoña Olabarria Kultur zinegotziaren arabera.
Sari banaketa datozen egunetan egingo da eta argazki guztiak apirilaren 4rarte egongo dira ikusgai herriko Museoan.