"Orozkon gaztetxe bat egoteak pasibitateari amaiera emango lioke"

Txabi Alvarado Bañares 2012ko ots. 9a, 01:08

LUKAS PASANDIN (Orozko, 1991) Orozkoko Gazte Asanbladako kidea da. Asanbladako kideek Gaztetxearen aldeko jaia dute antolatua datorren otsailaren 11rako.

Gaztetxearen aldeko jaia antolatu duzue Orozkon. Zer dela eta?

Lukas Pasandin (Orozko, 1991) Orozkoko Gazte Asanbladako kidea da. Asanbladako kideek Gaztetxearen aldeko jaia dute antolatua datorren otsailaren 11rako.

Gaztetxearen aldeko jaia antolatu duzue Orozkon. Zer dela eta?

 Lehenik eta behin gaztetxe bat aldarrikatzeko. Izan ere, lokal autogestionatu baten falta nabaritzen da herrian, mesede egingo liokeena bai Gazte Asanbladari zein herriko beste elkarte batzuei. Jai honen antolakuntza modu ona dela pentsatzen dugu behar dugun lokala eskatzeko, herriko biztanle guztiak ohar daitezen kale gorrian daudela eta gaztetxe bat behar dugula. Herritarron babesa da faltan botatzen duguna, bai gazteengandik bai helduengandik, eta jaiaren bidez hurbiltasun hori bilatu nahi dugu.

Zer aurkitu ahalko du otsailaren 11an Orozkora hurbiltzen denak? Nolako harrera espero duzue?

 Ekintza ugari antolatu ditugu egunean zehar:bazkaria, batukada, kontzertuak, hitzaldia, manifestazioa...

Harrerari dagokionez jendea herrira hurbiltzea espero dugu eta herrian giro aparta sortzea denon artean. Orain arte herriko jende gutxik egin du bat gure aldarrikapenekin; horregatik, beste herri batzuetatik elkartasuna eta laguntza daukagula sentitzea garrantzitsua da guretzat.

Gaztea da Orozkoko Gazte Asanblada. Nola baloratzen duzue egindako ibilbidea?

 Egia da bai Gazte Asanblada gaztea dela, baina egin dugun ibilbidea gogoz eta indartsu egin dugu. Besteak beste, gure lehen urtean egindako gazte martxa ekintzarik aipagarriena izango litzateke izan zuen harreragatik. Pentsatzen genuen baino jende gehiagok parte hartu zuen, batez ere arratsaldetik aurrera.

Aurten, Laudio, Urduña eta Amurrioko Gazte Asanbladekin batera gaztetxeen aldeko martxan parte hartu dugu eta balorazio orokorragatik eta Orozkon izan zuen emaitzagatik pozik gaude. Jarraitzeko, urtero, jaio ginenetik, San Antolin jaietan antolatzen ditugun egunak arrakastatsuak izan dira; azken jaietan, nobedade modura, orain dela urte batzuk egiten zen txalupa lasterketa berreskuratu dugu. Hitzaldiak, jokoak, euskararen eguna, trikipoteoak... ez ditugu ahaztu behar gure ibilbidean. Hemendik aurrera gauzak egiteko gogotsu jarraitzen dugu gero eta indar gehiagorekin.

Zer emango lioke gaztetxe batek Orozkori?

 Pasibitateari amaiera. Orain arte gazteok izan ez ditugun erraztasunak eta ekintzak gauzatzeko bidea izango litzateke; jakin badakigu ez litzatekeela bakarrik gazteon gauza izango herri osoak baita beste elkarte desberdinek ere, autogestioaz kudeatutako lokal honen abantailak gozatuko lituzketelako. Haien ekintzak bertan antolatu ahal izan eta bertan batzeko aukera emango lioke gaztetxeak beste elkarteei. Orain arte gazte asanbladak burutu izan dituen ekintza guztiak antolatzea askoz errazagoa izango litzateke herrian lokal honen presentzia egongo balitz. Arrazoi guzti hauengatik eta aipatu ez ditugun beste askorengatik aurrera jarraituko dugu, gogor lanean, nahi duguna lortu arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide