Egun osoko egitaraua aurkeztu du Gazte Asanbladak otsailaren 11rako
Gaztetxearen aldeko jaia ospatuko du Orozkoko Gazte Asanbladak otsailaren 11an, Gure ametsa, Gaztetxea! lemapean.
Goizeko hamaika eta erdietan emango zaio hasiera aldarrikapen egunari, harrera ekitaldiarekin. Handik ordu erdira hitzaldia eskainiko dute Bilboko Okupazio Bulegoko kideek; eta 13:30etan batukada bidez animatutako kalejira egongo da.
Bazkaria eguerdiko hiruretarako izango dute prestatua asanbladako kideek. Bazkarirako sarrerek 7 euro balio dute eta salgai daude jada Laudion (Ilargi tabernan), Urduñan (Mugalden), Amurrion (Txokogorrin), eta Orozkon (Ikusimakusin). Tiketak zuga_orozko@hotmail.com helbidera mezu bat bidaliz ere eskuratu daitezke.
Arratsaldeko seietan Gaztetxea Eraiki jolasean parte hartzeko aukera egongo da. Ondoren, Gaztetxea aldarrikatzeko manifestazioari hasiera emango zaio, 20:30etan.
Hiru dira gau horretan Orozkon joko duten taldeak: Exaixu (Exkixu taldearen bertsioak abesten dituen taldea), Zartako (hardcore punk taldea) eta 121 Krew (Hip-Hopa jorratzen duena). Azken hori Night Party formatuan aurkeztuko da, Gora Mofeta DJekin eta Euskal Herriko beatbox txapelduna den Rufoh Beatboxekin (a.k.a Fenda Fenda).
Antolatzaileek azaldu dute Laudiora joateko autobusa egongo dela, kontzertuak bukatzerakoan.