Argazkiak natura eta bidaiak jorratu beharko dituzte
Orozko Klick argazki lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Orozkoko Udalak, Induma gazte informazio gunearen bidez. 15 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete, natura eta bidaiekin lotutako argazkiak bidaliz. Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 24a izango da. Lanak ziurtatutako postaz bidali behar dira Indumaren bulegora (Zubieta etorbidea, 16. 481410. Orozko). Bertan eskura ere entregatu daitezke.
Argazkiak digitalki eraldaketak jaso ditzakete; baina 20 x 30 zentimetroko formatuan aurkeztu beharko dira. Guztira 525 euro banatuko dira saritan. Lehenengo postua lortzen duen argazkilariak 300 euro eskuratuko ditu, 150 bigarrenak eta 75 hirugarrenak.
Gazteen artean sormena eta ingurugiroaren mantentzearen ezagutzarekiko parte hartzea bultzatzea da lehiaketaren helburua, Begoñe Olabarria Kultura zinegotziaren arabera. Irabazleen izenak martxoaren 16an emango dira aditzera www.orozkokoudala.com Udal webgunean.