Otsailaren 4an banatuko diren Goya sarietarako hautatu dute Agurtzane Intxaurraga orozkoarraren filma berria: Teresa eta Galtzagorri. Animaziozko Filma Onenaren saria lortzeko lehiatuko da pelikula hori, Ozzy eta Psiconautas, niños olvidados lanekin batera.
Galtzagorri baten eta Teresa izeneko neska baten arteko abenturak kontatzen ditu pelikulak. Intxaurraga arduratu da istorioa idatzi eta filma zuzentzeaz, Irungo Dibulitoon ekoiztetxearekin. Otsailaren 3an estreinatuko da lana zinema aretoetan.
Intxaurragak azaldu duenez, Teresaren amaren pertsonaiak zeresan berezia du filmean. Ama ezkongabea da, lana eta familia kontziliatzen saiatzen dena. “Logroñoko Actual jaialdian hainbat ama gerturatu zitzaizkidan filma gustatu izan zitzaiela esatera, euren burua islatua ikusi zutelako”, adierazi du orozkoarrak.
Antzerkigintzan ibilbide luzea
Zinemarekin baino, antzerkiarekin du harremana Agurtzane Intxaurragak. 18 urte igaro zituen Goenkalen antzezle eta zuzendari lanetan, eta orduz geroztik makina bat proiektutan aritu da.
Filmaren trailerra (gazteleraz):