"Bizitza beste begirada batekin ikusten irakasten dizu argazki kamarak"

Erredakzioa 2017ko urt. 30a, 14:45

Urtzi Vera, berak bere buruari eginiko argazki batean. Argazkia: Urtzi Vera.

URTZI VERA (Bilbo , 1975) Orozkon bizi da, eta natura eta paisai argazkiak egitea du gogoko.

Zergatik hasi zinen naturari argazkiak egiten?
Txikitatik Izan dut gustuko natura eta bizilekua Orozkora aldatu genuenean perretxikoak zirela eta mendian ibiltzen hasi nintzen. Argazkilaritza mundua digitalizatzen hasita zegoen 2007 urtean eta makina txiki bat erostea bururatu zitzaidan mendian ikusten nituen paisaiak erretratatzeko asmoz.

Marrazketa eta pintura oso gustuko nituen baita eta argazkilaritzak bi alor horiekin nolabaiteko erlazioa zeukala sumatu nuen. Hori mendian egitea posible zela ikusita gainera… azkar batean harrapatu ninduen afizioak.


“Gehienetan zerbait berezia harrapatzera noa. Eguraldiarekin zerikusia izan dezake: lainoa, izoztea, euritea, hodei berezi batzuk, ortzadarra, olatu erraldoiak…”


Zein da zuk erabiltzen duzun eredua?
Normalean ideiaren bat daukat buruan bueltaka. Batzuetan ideia oso zehatza da eta beste askotan ez dago hain argi.

Gehienetan zerbait berezia harrapatzera noa. Eguraldiarekin zerikusia izan dezake: lainoa, izoztea, euritea, hodei berezi batzuk, ortzadarra, olatu erraldoiak… Naturan gertatzen diren zikloekin: loraketak, hostoen kolore bereziak… Eguneko momentu bereziak: eguzkia atera edo sartzen denekoa, ilargi betea dagoenekoa…

Beste askotan ideia abstraktu xamarra da, kontzepturen bat edo baliteke kamerarekin eta buruarekin jolasteko gogoa izatea soilik.

Badira egunak ere paseotxo bat emateko gogoarekin nagoela eta argazki makina aitzaki moduan daramadala. Baina normalean zer edo zer daukazu barruak jaten dizkizuna, nahiz eta zer den ez jakin.



“Normalean zer edo zer daukazu barruak jaten dizkizuna, nahiz eta zer den ez jakin”



Zer da zure argazkietan jasotzea gustatzen zaizuna eta zergatik?
Animaliekin saiatu naiz eta polita da oso. Hala ere, argazki bereziak lortzeko denbora asko inbertitu behar da eta askotan bide edo ezkutaleku batean ordu nahikotxo geldi egon beharra dago. Ez da beti horrela izaten, baina hala ere ez da gehien gustatzen zaidan argazkilaritza mota animaliena.

Paisaia ezberdina da, nahiz eta batzuetan pixkatxo bat itxaron beharra dagoen baita. Bietan ibili beharra dago, ez dago dudarik. Baina nik basoan edo itsasaldean mugitzea dut gustuko, alde batetik bestera, lekuak ezagutuz.

Argazkia egiteko orduan lasaiagoa da ere. Konposizioa lantzeko momentuan, argia neurtzeko garaian edo filtroekin jolasteko orduan, adibidez, denbora gehiago izaten duzu.

Badaramatzat urte nahikotxo erretratua lantzen eta asko gustatzen zaidan gaia da. Sesio nahikotxo ere eginak ditut umeei edota familiei eta gauza polita eta dibertigarria da. Pasa den urtean ezkontza pare bat egiteko aukera izan nuen eta pentsatua neukana baino hobeto joan zen.

Eraikinak, zaharrak batik bat, oso erakargarriak iruditzen zaizkit. Ez dakit zergatik baina misterio berezia daukate gordeta eta kamerarekin azalerazten saiatzen naiz…

Ikusten duzuen moduan ez dizkiot bakarrik naturari erretratuak egiten. Noizean behin aldatzea ere sanoa da.

Egunen batean web orrian edo blogean lan hauek ere publikatzen hasteko asmoa daukat.


“Ez dizkiot bakarrik naturari erretratuak egiten. Noizean behin aldatzea ere sanoa da”

 



Zein izan da zuretzat orain arte bizi izan duzun unerik bereziena natura argazkilari gisa?
Begirada atzera botatzean gauza bat oso argi daukat. Askotan, urteetan zehar egindako argazkiak berrikusten nabilenean, berriro argazkia ateratzen nabileneko momentua gogoratzen dut, bizitutako sentsazioak. Kamerak bizitza “normal” batek eramango ez zaituen lekuetara eramaten zaitu, pertsona “normal” bat joango ez zen momentuetan. Horregatik momentu oso ederrak eta benetan bereziak oparitzen dizkizu. “Zorotasun” honen alde polita da hori.

Gutxi balitz, kamerak bizitza beste begirada batekin ikusten irakasten dizu, modu ederrago batean alegia. Eta horrek ez dauka preziorik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide