Giza baliabideen plan estrategikoa onartu dute Orozkon, udal-talde guztien aldeko botoekin. Udaleko langileak “gaztetzea” da planaren helburu nagusia.
Plan horren baitan, 60 urte betetzen dituzten udal langileek aukera izango dute funtzionario izaten jarraitzeari uko egiteko. Kalte-ordaina jasoko lukete trukean, urte eta erdiko indemnizazioa 63 urte bete arte.
2019ra arte indarrean
Josu San Pedro alkateak adierazi du plana 2019ra arte egongo dela indarrean. Alkateak jakinarazi du plana “lan hitzarmenaren gainetik” dagoela. Hau da, nahi duten langileei soilik aplikatuko zaiela. Sopelako Udaleko plana izan da eredua.
Otsaileko udal osoko bilkuran onartu zen udaleko langileen lan-hitzarmen berria. Sindikatuek begi onez ikusi zuten hitzarmen hura, San Pedrok azaldu duenez.