Orozkokoko ikastetxe publikoko IGEak "Eskola bidean" proiektuko bigarren faseari ekin dio. Helburua, eskola komunitateak herriko arriskuak identifikatzea da, haurrak eskolara bakarrik eta seguru joan ahal izateko. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bidez garatu dute egitasmoa. Iaz egin zuten diagnostikoa haurrekin, gurasoekin eta eskolako kideekin.
Bizkaiko Urtxintxa eskola ari da saioak gidatzen. Azaldu dutenez, umeek mapetan markatu dituzte gogoko dituzten Orozkoko tokiak, baita beldurra sentitzen duten guneak ere. Hala, Lehen Hezkuntzako ikasle guztien artean, eskolara joateko bi bide erabilienak zehaztu dituzte. Ildo beretik, herrian eta eskolan hartu beharreko konpromisoak zerrendatu dituzte. Gernika plazako zebrabidean, esaterako, kotxeak aparkatuta daudenez, haurrek ezin dituzte ikusi errepidetik datozen ibilgailuak. Eduki ontziek ere bisibilitatea mugatzen dutela adierazi dute. Alabaina, konponbide posibleak ere aztertu dituzte: bidean ez galtzeko markak jartzea, zuhaitzetan zapiak ipintzea...
Ekimenaren aurkezpenak
Halaber, egitasmoaren berri emateko moduak adostu dituzte: haurrek gurasoentzako bilerak antolatzea, mapak banatzea... Halaber, ikas komunitate zein herri osoaren elkarlana beharrezkoa dela iritzita hainbat aurkezpen aurreikusi dituzte. Datozen asteetan gurasoekin zein merkatariekin batuko dira. Ekainean bukatuko da bigarren fasea, eta irailetik aurrera ekingo diote eskola bidea hobetzeari.