Atzoko udalbatzan onartu zen kredituaren egokitzapena. Izan ere, aurten 193.000€ aurreztu ditu udalak, eta iazkoari gehituta 545.000€ ditu guztira. "Hortik 200.000 euro hartuko ditugu proiektua osatu eta gauzatzen hasteko", adierazi du Josu San Pedro alkateak. Horretarako lehiaketara aterako dute anbulatorio berriaren proiektua.
Osasun zentroa sortzeko ideia, ordea, lehenagokoa da: "Iaz proiektuaren oinarria egiteko dirua jarri genuen, hori egina dago. Urtarrilean adostu genuen ez-ohiko bilkuran obra aurrera eramateko konpromisoa". Epeei dagokienez, aurki ekingo diote lizitazioari. Urrirako egongo da ebatzita, lanei azaroan edo abenduan helduko baitiete. Hegoalden egongo da osasun azpiegitura.
Gizarte Etxea
Bestalde, Gizarte Etxea eraikitzeko aurrerapausoa eman zuten alderdiek udal osoko bilkuran. Eraikitzeko proiektua sortzeko diru kopurua da zehazki onartu dutena. Hala ere, egitasmoa ez da epe motzean abiatuko: "Obrei heltzeko ez dugu oraindik dirurik". Izan ere, udal brigada kokatua dagoen tokian jarri nahi dute zentroa, eliza ondoan: "Brigadarentzako pabiloiaren bila gabiltza".
Etxebizitza hutsak
Alokabide eta Bizigune programen bidez, etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko elkarlan akordioa osatzearen alde egin zuten Orozkoko udal alderdiek.
Finean, programa berria abiatu nahi dute, bizilagun orori zuzendua. Horretarako apirilaren 25ean 18:00etan bilera irekia deitu dute. Etxe bizitza hutsei erabilera ematea da helburua.