Mantzarragako bidea eta basoa atonduko dute datozen hilabeteetan. Maiatzean enkantea egin du udalak, eta eskaintzarik onena egin duen enpresa izan da garaile.
"41.400 eurotan hasi zen enkantea, eta irabazleak 42.013 euroko prestutasuna agertu zuen", azaldu du Josu San Pedro alkateak. Altzifreak botako dituzte lehenik eta behin, ingurua egokitzeko. Guztira, zazpi hektarea lurretan egingo dira lanak, esleipena gauzatu den unetik hilabete erdira. Josu San Pedro alkatearen esanetan, uztailerako egongo da bukatuta aprobetxamendua hobetzeko obra. Hala, irailean abiatuko dituzte udaletik Mantzarragako errepidea berritzeko lanak.
Errepide konponketa
Irailean ekingo diote Mantzarragako errepidea konpontzeari, lehiaketako oinarriak prestatu ostean. Udalaren esku geratuko da kudeaketa: "Orain zenbakiak aztertzen ari gara: gutxi gora beherako prezioa, lurra izorratuta dauden eremuen identifikazioa... Kamioiak pasatzen direlako kaltetu dira, zuloz beteta daude".
2017ko lehen konponketa izango da Mantzarragakoa: "Bide gehiago konpondu nahi ditugu".