Paretan berdea nagusitu arren, morez jantzi dira frontoiak; geroz eta emakume gehiago baitaude palan jokatzen. Nerea Isusi da horietako bat, 6 lagunekin batera aritzen da Orozkon entrenatzen. Guztira, 20 neska daudela dio: 6 urte ditu gazteenak, eta nagusienak 18.
Hain zuzen, oraintsu abiatu dute Orozkoko pala txapelketa, kirola ezagutzera emate aldera. Alta, Aiaraldetik kanpo ere ibili dira, Bizkaia Cup txapelketan edo Euskadikoan, kasu.
“Larrabetzu, Mallabia, Bakio, Getxo, Arteaga... herri eta frontoi asko zapaldu ditugu”, dio Naia Ugarrizak. Berriki irabazi du Udane Iturberekin batera Bizkaia Cup liga. Astean bitan entrenatzen dute herriko kiroldegian.
Aurrelariaren lanak adina balio du atzelariarenak, azaldu dutenez, defentsa zein eraso taktikak beharrezkoak baitira: “Aurrekoa biziago ibili behar da, eta atzekoa adi”.
Pilota motak bereizten ditu kategoriak. Gomazkoa da emakumeena, eta larruzkoa gizonena. Horrez gain, “mini-tenis” modalitatea ere badago, umeena, teniseko pilota arinekin jokatzen dena.
Palan zaletzea helburu
Nahiko lukete jende gehiagok jolastea palan, “mutilek ere bai, badirudi emakumeen kirola soilik dela eta”.
Geroa, baina, ziurtatua dute, ume asko batu baitira pala eskolara. Baita partidetara ere: “Hasi ginenean ez zen inor etortzen ikustera, ez zegoen publikorik. Hala ere, eskupilotarekin konparatuta oso zale gutxi ditu oraindik palak”.
Olgetan elkartean lantzen dute eskupilota, pala, frontenisa eta mini-tenisa. Hori dela eta, partekatu egiten dute frontoiaren erabilera. Ostiraletan, larunbatetan edo igandetan izaten dituzte norgehiagokak; eta, ondorioz, apenas dute denborarik bestelako ekimenak antolatzeko.
Horregatik, kirolaren zailtasunez galdetuta, txapelketatik haragoko ekintzak botatzen dituzte faltan: “Ume asko daude, baina ez eskolan pala lantzen dutelako, haien kasa apuntatzen direlako baizik”.
Palak hedabideetan eta jendartean ikusgarritasun gutxi du, haien aburuz. Telebista dute horren adibidetzat, frontoiari tokia egitekotan eskupilota lehenesten dela iritzita. “Pala partidak oso gutxi emititzen dituzte, eta egitekotan gizonezkoenak dira beti. Ikusita zenbat emakume ari garen palan presentzia eta garrantzia handiagoa eman beharko ligukete”, salatu dute.
Denboraldi borobila
Irailetik ekainera irauten du pala denboraldiak. Aurten, emaitza oso onak batu dituzte orozkoarrek. Bizkaiko Kopa irabazteaz gain, Naroa Iturbe eta Andere Canales finalerdietara iritsi dira. Nerea Isusik eta Eider Solatxik ez dute zortea alde izan, Isusik denbora luze eman du lesionatuta eta. Haurren kategorian, berriz, Janire, Haizene eta Irantzu izan dira Bizkaiko minitenis txapelketan garaile. Iraia, Goizane eta Haizeak azken tantoan galdu zuten finala, berdindu ostean. Olgetaneko entrenatzaileek neska gazteen lana nabarmendu dute, aurrenekoz lehiatu baitira aurten.
Sarean jarrai liteke haien jarduna.