Amaitu berri da Alaitz Aramendiren aurkako epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Epaiaren zain geratu da preso politiko orozkoarra.
Jose Angel Aramendik azaldu du hiru hilabeteren buruan aterako dela ebazpen hori. Alaitzen aitak salatu du fiskaltzak “oso froga urriak” aurkeztu dituela. “Nobela bat muntatu dute, baina ezin izan dute frogatu”.
Hala ere, sententziaren gaineko kezka azaldu dute senideek. “Egoera normal batean absolbitu egin beharko lukete, baina badakigu Entzutegi Nazionala ez dela auzitegi normal bat”.
Ehunka urteko kartzela zigor eskaera
Ehunka urteko kartzela zigorra eskatu dio fiskalak Alaitz Aramendiri, gaur egungo legediarekin gehien jota 40 urtekoa izango litzatekeen arren.
Madrilen ekintza armatua egitea egotzi diote. 2007an atxilotu zuten Frantzian, eta bertan ari da 18 urteko kartzela-zigorra betetzen, ETAko militantea izateagatik. Iragan martxoan mugitu zuten Madrilera, epaiketa dela eta.