Entzutegi Nazionalak erabaki du 535 urteko zigorra jartzea Alaitz Aramendi orozkoarrari eta Liher Aretxabaleta bilbotarrari. Epaitegiak baloratu du probatuta dagoela lehergailuz betetako furgoneta jarri zutela Madrilgo San Blas auzoan 2005eko maiatzaren 25ean.
535 urte kartzela zigorra ez ezik, epaileek ebatzi dute kalte-ordainei aurre egin beharko dietela. Gehienbat, zauri akustikoak eragin zizkion ekintzak poliziei, eta eraikinetan sortutako kalteak ere hartuko beharko dituzte euren gain, ia 500.000 euro, hedabideek adierazi dutenez.
Helegitea
Alaitz Aramendiren senideek adierazi dute ezusteko izan dela epaia, eta helegitea jarriko dutela. "Frogak ustelak zeuden", salatu dute.
Gurasoek nabarmendu dute bakarrik bi aukera zeudela: absolbituak izatea edo zigor handia jasotzea. Jose Anjel Aramendik, bere aitak, uste du zaila zela absoluzioa biktimen presioa dela medio.
Bizi osorako zigorra
Alaitz Aramendiren gurasoek azaldu dute azkenengo lege aldaketekin 40 urtez egon beharko litzatekeela presoa kartzelan. Horri gehitu behar zaio duela ia 10 urte dagoela espetxe frantziarretan.
"Nahiz eta bizi osorako zigorra ez deitu, hori ezarriko diote" azpimarratu dute gurasoek.