"Gasquet, Fognini, Murray, Bautista... eliteko jokalariekin neurtu naiz; batzuekin partida gogorrak eta besteekin errez galdu, karkakar..."

Aitor Aspuru Saez 2017ko uzt. 27a, 10:35

Arkaitz Manzarbeitia Bakioko txapelketan./ A. M.

ARKAITZ MANZARBEITIA (Orozko, 1982) puntako tenis jokalaria izan da eta orain, bere ibilbidea entrenatzaile izatera bideratu du. Bere bizipenak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, azalduko diguzu nola sortu zitzaizun tenisarekiko zirrara?

Udako tenis ikastaro batean eman nuen izena eta oso ondo pasatu nuen. Gero apurka-apurka gehiago entrenatzen hasi nintzen.

9-10 urtegaz hasi nintzen. Normalean tenislari asko lehenago hasten dira, baina nik aurretik beste kirol batzuk egiten nituen, bizikleta eta esku pilota herrian (Orozkon).

Zein izan zen hasieran zure ibilbidea?

Hasieran lasaitasunez entrenatzen hasi nintzen. Tenisa kirol moduan gustuko nuen eta, hasiera batean, txapelketak ez nituen buruan. Baina entrenatzaileak aipatu zidan txapelketaren batean parte hartzera animatu ahal nintzela, eta euskal herritik txapelketa batzuk jolasten hasi nintzen.

Haur kategorian sartu nintzenean emaitzak hobetzen joan nintzen. Eta kadetea nintzenean Bartzelonara entrenatzen joan nintzen.

Gero hainbat txapelketan eta hainbat lekutan lehiatu zara, azalduko diguzu zeintzuk izan ziren zuretzat une garrantzitsuenak, esanguratsuenak edo politenak?

Bai, nazioarteko txapelketak eta nazionalak jolasten ibili nintzen. Nazioartekotan une garrantzitsuenak Portugalen, Ukrainian eta Alicanten izan ziren.

Lau txapelketetan finalerdietan sartu nintzen eta Alicanten lagun batekin binakako titulua irabazi genuen.  ATP puntu dezente lortu nituen.

 

"Estatuko 34. jokalaria izan nintzen, lehen mailako jokalariak daude zerrenda horretan, Nadal eta Ferrer, besteak beste"

 


Gero, beste une berezi bat izan zen estatuan 50 jokalarien artean sartu nintzenean. 50 jokalarien artean sartzen zarenean, lehen mailako jokalaria zara eta ilusio asko egin zidan. Gainera Nadal, Ferrer eta guztiak zerrendan sartuta daude. 2013an 34. Postua lortu nuen.

Beste momentu berezia izan da Euskal Herriko txapelketak lortu ditudanean. 5 txapela lortu ditut eta oso bereziak izan dira, etxean jolasten duzulako.

Zer nolako tenis jokalarien aurka aritu zara?

Jokalari askogaz lehiatu naiz, baina garrantzitsuenak izan dira: Gasquet, Fognini, Murray, Monaco, Monfils, Bautista... Batzuekin partida gogorrak hirugarren setean eta besteekin errez galduta (barreak).

Tenisean jokatzeko hainbat sakrifizio egin behar da, jendeak ulertzen zuen edo kirol gutxitua izanik ez?

Tenisean jokatzeko edo edozein kirolean lehiatzen ari bazara, beste gauza batzuk bai faltan botetan dituzula.

Batzuetan kanpoan zaudenean, familia eta lagunekin denboraldi batez ezin zara egon eta horrelako gauzak. Baina bai egie dela, kanpotik ibilita asko ikasten dela eta bizitzarako ondo datorrela.

Zer da bereziki gogoko duzuna tenisean?

Tenis jolasa. Eta tenis jolasa esaten dudanean, batez ere, estrategia eta taktika. Ze aurrean daukazunarekin pilota bat erditik dago, eta berdin da entrenatzen edo partida jolasten ari zaren, burutik ideia asko pasatzen zaizkizu eta arin erabaki bat hartu behar duzu.

Gainera, aurrean daukazunari ikerketa egin behar diozu, zein den bere kolperik indartsuena edo txarrena, azken finean, hori da tenisa niretzat.

 

"Batzuetan lehiaketa faltan botatzen da. Baina oraindik noizean behin interklubak eta taldekako neurketa batzuk jolasten ditut"



Nolakoa da orain zure harremana kirolarekin eta zer ematen dizu orain (entrenatzaile gisa) eta zer ematen zizun lehen (jokalari moduan)?

Ba orain entrenatzaile lanak egiten ditut. Goi-mailako kirol teknikari ikasketak Durangon egin nituen eta gero tenis entrenatzaile titulua ere atera nuen.

Orain, gehienbat, Euskal Herritik lehiatzen ari diren ikasleak eta txapelketa internazionalak jolasten hasten dauden jokalariak entrenatzen nabil. Entrenatzaile gisa beste sentsazio batzuk dira, ze kanpotik gauzak beste era batera ikusten dira.

Gehien ematen didana, tenis kirola bizitzen jarraitzea eta ikasleei apurka-apurka tenisean jolasten irakastea da.

Jokalari moduan, egia da urte asko izan direla. Eta batzuetan lehiaketa faltan botatzen da. Baina oraindik noizean behin interklubak eta taldekako neurketa batzuk jolasten ditut.

Zer da beharrezkoa tenisaren elitean egoteko, zure ustez?

Gaur egun, tenis maila oso onaz aparte, fisikoa eta burua oso garrantzitsuak dira. Gero norberaren jokoan konfiantza izatea eta ideiak argi edukitzea. Eta emaitzak lortzeko presarik ez edukitzea, ze lanean egunero ibiliz gero emaitzak heltzen dira.

Eta ondo pasatzeko tenisean jokatzen?

Tenisean ondo pasatzeko teknika lantzea garrantzitsua da. Egia da teknika oso ona hartzeko urteak entrenatu behar direla, baina teknika dezentea nahiko arin hartzen da eta jolasten ondo pasatzeko moduan gelditzen zara.

Edozein adinetan jolasten hasteko kirol aproposa da. Gainera tenisa kirol oso osatua da, kirol moduan denetarik lantzen duzu, aerobikoa, hankak, besoak, burua... (barreak) kirol oso psikologikoa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide