Orozkoko Jaietan protagonismo berezia izango duen musika talde bat baldin badago, “Hilean Bariku Bat” da. Zaloako Jaietan jo zuten uztailean eta Ibarrakoetan abuztuan. Arrankudiaga Andra Mari Jaietan eskaini zuten euren lehen kontzertua herritik kanpo, Gaztetxean. Beste hainbat zita dituzte lotuta: sanantolinetan -irailaren 3an-, Latiorroko Jaietan -irailaren 15ean- eta Berazako San Migeletan -irailaren 30ean-.
“World tourra” deitu diote Orozkotik ia mugitu gabe egingo duten birari. Umorea, behintzat, ez zaie falta. “Hori da gure bertuterik nabarmenena”, azpimarratu dute proiektuko kideek, “taula gainean oso ondo pasatzen dugula eta hori transmititzen diogula publikoari”.
Bi urteko ibilbidea
Duela bi urte hasi zen egitasmoa, Orozkoko txosnetako jam sessionetan. Gaztetxera mugitu ziren gero saio inprobisatu horiek. Hilero biltzen ziren, ostiraletan; hortik dator taldearen izena. Gaztetxea itxi zenean, baina, bertan behera geratu zen ekimena, harik eta aurtengo udaberrian Jentilzulo kulturgunean martxan jarri zuten arte.
Gaur egun hiru trikitixa, baxujole bat, bi abeslari eta lau perkusionista daude taldean. Bertsioak egiten dituzte gehienbat, baina abesti propio bat ere konposatu dute: “Ez dugu asmo zehatzik, denera irekita gaude”.