Jose Arrueren “erromeria” hezur haragituko dute ehunka auzokidek

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ira. 18a, 07:30

Jose Arrue margolariaren “Erromeria” koadroa irudikatuko dute auzokideek, dokumental baten teaserra egiteko. / Jose Arrue

Jose Arrueren “Erromeria” koadroaren hezur-haragitzea egingo dute datorren larunbatean -irailak 23- Orozkoko Beraza auzoan. 256 herritarrek hartuko dute parte antzezpenean. Bideoa grabatzea izango da ekimenaren xedea, “Zerumugan” izeneko dokumentalean baliatzeko. Anton Lazkano zinemagilea ari da filma grabatzen, eta Orozkon eta Gorbeialdian egongo da girotua, “balore unibertsalak” jorratuko dituen arren.

1921. urtean Jose Arrue margolariak “Erromeria” izeneko koadroa egin zuenean ez zitzaion burutik pasako, seguru asko, margolan hori dokumental baten abiapuntu gisa baliatuko zutela ia mende bat beranduago.

Baina hala izan da. Anton Lazkano Isusi zinemagileak abiatu zuen proiektua, otsaila aldean. Felix Mugurutza historiazale laudioarrekin elkarlanean garatu zuen ideia.

Datorren larunbatean -irailak 23- Arrueren koadroa hezur-mamituko dute Orozkoko Beraza auzoan, 13:00etan. Ehunka herritarren laguntza izango dute horretarako, margolanean azaltzen den jai jendetsua irudikatzea baita asmoa. “Jende asko ilusionatu da proiektuarekin eta azkenean 265 lagunek eman dute izena”, azaldu du Lazkanok.

Batasuna dantza taldea arduratu da ekimena antolatzeaz. “Sekulako ekoizpen-diseinua prestatu dute”, ziurtatu du zinemagile bilbotarrak. Beste hainbat elkarte ere batu dira egitasmora. “Proiektu kulturala bihurtu da, zeinetan jende asko parte hartzen ari den”, erantsi du Lazkanok, “dokumentala egite hutsa baino garrantzitsuagoa iruditzen zait hori”.

Hiru egunez luzatuko da grabaketa, eta ez da koadroaren hezur-haragizko kopia sortzera mugatuko, koadroari lotutako “argumentu sendoa” sortu baitute Lazkanok eta Mugurutzak.

 

Hiru egun baliatuko dituzte grabaketa egiteko. Dokumentalaren teaser bat egingo dute, finantziazioa bilatzeko

 

Zinemarako pentsatua
“Bereizmen handiko zine formatuan” grabatuko dute dena, dokumentalean txertatu ahal izateko. “Zerumugan” da proiektu osoaren izenburua, 12 atalez osatua egongo da eta ordubeteko iraupena izango du gutxi gorabehera. “Euskal kulturari eta gizarte tradizionalei buruzko ikuspegi abangoardista” plazaratzea izango da pelikularen helburua.

“Hainbat gai jorratuko dugu: artzaintza, Itxina, pilota, mitologia, ekologia...”, jakinarazi du Lazkanok, baina azpimarratu du ez dela Orozkori buruzko lana izango, grabaketa gehienak herrian eta Gorbeialdean egingo dituzten arren. “Balio unibertsalak lantzea da gure asmoa, ikuspegi moderno eta abangoardista baliatuta”.

Finantziazio bila
Badakite zer eta nola grabatu, baina gauza bat falta zaie proiektuaren bultzatzaileei: dirua.

Hori dela eta, teaser bat egingo dute  Berazan grabatzen dituzten irudiekin, instituzio eta enpresa pribatuei aurkezteko. “0 euroko aurrekontuarekin abiatu gara”, adierazi du Lazkanok, “baina ziur gaude hau urrutira iritsi daiteken egitasmoa dela”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide