Orozkoko Udalak hainbat neurri hartuko ditu udalerriko behien artean tricomoniosis izeneko gaixotasuna hedatzea ekiditeko. Mendi komunaletan gaixotasunak zaindu eta kontrolatzeko osasun-plana onartu zuen tokiko erakundeak iragan asteko Udal Osoko Bilkuran. Plan horrek hainbat pauso zehazten ditu, mendien erabiltzaile guztiek bete beharrekoak. Behien inbentarioa aurkeztu eta berrogeialdia ezartzeko plan eta espazioak izan beharko dituzte abeltzainek, animaliengan jazotzen diren abortuak jakinaraztearekin batera.
Gaixotasun gehiago
Sexu bidez transmititzen den gaixotasuna da tricomoniosisa. Arazoak sortzen ditu erditzean, kumeak galtzeko aukerak handituaz.
Hala ere, beste hainbat eritasun prebenitzeko ere balioko du planak: paratuberculosisa, neosporosisa, rinotraqueítisa edota beherako birala, besteak beste.