Behe-Nafarroan kokatuta dago Donaixti-Ibarre herria, Oztibarre eskualdean. Bertaraino gerturatu ziren Orozkoko ehun lagun inguru bi herrien arteko trukea egitera.
Herrien arteko harremanak estutzeko asmotan egin dute trukea. Ekintza kultural ugari oinarri Euskal Herriko bi muturretako herritarren arteko adiskidetasun berriak sortzea zuen helburu ekimenak.
Iaz Donaixti-Ibarreko lagunak etorri ziren Orozkora, aurten, ordea, Orozkoko bizilagunei egokitu zaie bertaraino joatea. Guztira bi autobus atera dira Orozkotik.
Bi herrietako dantza taldeek erakustaldia egin zuten bertan eta pala zein eskupilota jokalariak norgehiagokan aritu ziren. Elkarrekin batera bazkaldu eta Hilean Bariku Bat musika talde orozkoarrak kontzertua eskaini zuen bertan Donaixti-Ibarreko trikitilarien laguntzaz.
Bi herrien arteko elkar-trukeak fruituak ematen hasia da eta ekimenarekin jarraitzeko gogo biziz daude.
Argazkiak: Mikel Isusi