Larunbatean emango diote hasiera Orozkoko VIII. Aste Mikologikoari 9:30etan Orozkoko plazatik abiatuko den mendi ibilaldiarekin. Ibilaldian zehar perretxikoak jaso eta igandean ikusgai jarriko dituzte.
Larunbat arratsaldeko ekintzak Arbaitza auzoan burutuko dituzte. Urtzi Vera argazkilariak naturarekin erlazionatutako argazkiak proiektatuko ditu 19:30etan Arbaitzako baselizan. 20:00etan, aldiz, mikologia dastaketa prestatukodute Arbaitzako txokoan.
Iganderako ere hainbat ekintza antolatu dituzte. 11:00etan 16 urtetik beherako gaztetxoentzako perretxiko sailkatze lehiaketa ospatuko dute liburutegian. 11:30etan perretxiko erakusketa egongo da herriko plazan. Orozkoko Museoan, ordea, 12:00etatik aurrera Urtzi Veraren argazki erakusketa eta Jose Maria Ibarbia, Laudioko Mikologia Elkarteko kidearen “Onddoak basoaren berme” hitzaldia eskainiko dituzte. 14:00etako sari banaketarekin batera emango diote amaiera Aste Mikologikoari.