Auzokideek eginiko 43 proposamen jaso ditu Orozkoko Udalak prozesu parte-hartzaile baten bidez, 2018ko aurrekontuak osatzeari begira.
Mota askotako ideiak helarazi dituzte herritarrek: haurrentzako parkeak berritzea, auzoetan mantentze lanak egitea, zenbait bideetan argiztapena hobetzea, kiroldegian makina berriak jartzea edota foru errepidean oinezkoentzako igarobidea jartzea, besteak beste.
Tokiko erakundeak adierazi du proposamen horietako batzuk aintzat hartuko dituztela aurrekontuak osatzerako orduan. Beste batzuk -errepide eta bideen konponketak, kasu- dagoen diru-kopuruaren arabera gauzatu ahalko dira. Bakan batzuk, aldiz, albo batera utzi dira zuzenean, “lege-agintaldian ezarritako irizpide politikoen aurka doazelako”. Auzoetako jaien aurrekontua murriztearen ideia da arrazoi horregatik baztertu den proposamenetako bat.
Auzo batzarrak
Urrian egin dira Orozkoko auzo-batzarrak. Guztira 46 herritar bertaratu dira programatutako sei hitzorduetara. Udalak positiboki baloratu du ekimenak izandako harrera. “Galdera asko jarri dira mahai gainean eta zalantza komunak argitu dira”, adierazi du Josu Sanpedro alkateak.