“Benetan maite dut egiten dudana, baina heldu da agur esateko ordua”

Aimar Gutierrez Bidarte 2017ko aza. 30a, 08:48

Orozkon bizi da Rafa Muntion. / Aiaraldea.eus

Kazetaria eta kirol esataria da RAFA MUNTION (Orozko, 1957). 30 urte baino gehiago daramatza Baskonia saskibaloi taldearen partidak eta istorioak irratian kontatzen.

Nola hasi zinen kirol esatari lanetan?
Kazetaritza ikasketak bukatu eta Radio Vitorian lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Hasieran Alavesen futbol partidak jarraitzen nituen. Saskibaloi atalean postu bat libre geratu zen orduan, eta niri eskaini zidaten. Ez zen erraza duela 30 urte baino gehiago, saskibaloia jarraitzea, baina gutxika jendea ezagutuz joan nintzen eta geroz eta gustu gehiago hartzen joan nintzaion.

1990ean Iñaki Garaialde Baskoniako jokalari ohia hasi zen nirekin batera partidak komentatzen. Ordutik, elkarrekin egin dugu bide hau. Jende gehiagorekin lan egin badut ere, uste dut ezin dela nire ibilbide profesionala ulertu Iñakiren laguntzarik gabe.

Saskibaloi talde bakar baten istorioak kontatzen dituzu?
Bai, Baskonia taldea jarraitu dut bakarrik. Radio Vitorian lan eginda, logikoki, talde lokalarekin joan gara beti. Urtean 80 partida inguru jarraitzen ditut eta klubarekin batera bidaiatzen dut. Taldearen bilakaera oso gertutik bizi izan dut. Saskibaloia emititzen hasi nintzen garaian, Joxean Kerejetak hartu zuen klubeko zuzendaritza eta fitxaje erabakigarri batzuk egin ziren. 90eko hamarkadan taldea haziz joan zen, Europako postuetan sartzea lortu zuen taldeak Manel Comas entrenatzaile zela. Gaur egun ezagutzen dugun kluba bilakatu arteko garapena ikusi eta bizitzeko zortea izan dut.

 

“Baskoniarekin bidaiatzen dugunean eguneko 24 orduak ematen ditugu jokalariekin”

 


Taldea hain gertutik jarraitu izanak lotura berezirik sortu dizu?
Zalantzarik gabe bai. Pentsa taldearekin bidaiatzen dugula eta taldearekin hartzen dugula ostatu, ia eguneko 24 orduak pasatzen ditugu batera.

Lehen errazagoa zen harreman horiek estutzea bidaiatzea zailagoa zelako, kirolariak ez zuelako medioen presio guzti hori sentitzen... Egun, gauzak hoztu dituzte “charter” bidaiek jartzen dituzten erraztasunek eta kirolarien muturreko profesionalizazioak. Hala ere, ni saiatzen naiz konfiantza sortzen taldekideekin, eta lortu ere lortzen dut. Oso lagun onak egin ditut, bai lehen, baina baita orain ere.

Nolakoa da kirol esatari lana?
Partidarik ez dagoen bitartean nahiko sinplea da, elkarrizketa batzuk prestatu, prentsaurrekoetara joan...

Taldearekin desplazatzeko garaia heltzen denean hasten da benetan zirraragarria dena. Imajinatu: 80 partida jokatzen dituzte urtean, bi astero bataz beste. Batetik bestera darabilgun erritmoa ikaragarria da. Hegaldia hartu, elkarrizketa batzuk egin, partidako protagonistekin bildu, emititu, maletak egin eta hurrengo partidarako prestatzen hasi berriz.

Zenbateraino aldatu da ogibidea azken 30 urteetan?
Asko aldatu da, faktore ugari daude tarteko. Asko aurreratu da irrati emisioak egiteko teknologia. Gaur egun edonondik egin daitezke zuzeneko konexioak, kalitate onean gainera. Telebistak ere eragina izan du, emisioak etxetik edo bulegotik egiteko aukera eskaintzen du, taldearekin desplazatzeko beharrik gabe. Geroz eta kazetari gutxiago mugitzen gara saskibaloi taldeekin. Nik argi daukat, ez dago zuzenean jarraitzea bezalakorik. Azalean sentitzen dituzu partidak sortzen dituen emozio guztiak, Atenaseko Panathinaikosen partida batean egotea izugarria da oso. Baina, hala ere, gaur egun ACB ligan hiru kazetarik bakarrik jarraitzen ditugu talderen baten partida guztiak. Barça edo Madril bezalako talde handiek ez dute kazetaririk eurekin.

 

"Zenbatu ezinak dira anekdotak eta bizipenak. Bidaia guztiak dira zirraragarriak"



Baskoniarekin egindako bidaia guzti horiek hamaika anekdota utziko zizkizuten.
Zenbatu ezinak dira anekdotak eta bizipenak. Bidaia guztiak dira zirraragarriak. Velimir Perasovicekin Serbia eta Kroaziara egindako bidaiak, esaterako, nahiko hunkigarriak ziren. Manel Comas entrenatzaile zeneko garaiak ziren, Balkanetako gerla bukatu berri. Perasovic kroaziarra izanik bageneukan bere kontra egin zitekeen ekintza baten beldur baina umorez hartzen genituen horrelako egoerak ere.

Baskoniarekin egindako lehenengo “charter” bidaia ere nahiko gorabeheratsua izan zen. Helizedun hegazkin zahar batean egin genuen. Mazedoniara joan beharra geneukan, hegazkinak bidaia jarraian egin ez eta tarteka depositua betetzera gelditu beharra genuen. Italia zeharkatzen ari ginela egundoko ekaitzaldi batean murgildu ginen. Ikara pasa genuen benetan, jokalari askok partida bertan behera uztea proposatu zuten. Azkenean Mazedoniara heldu eta partida irabazi genuen baina geroztik ez dut oso eroso hartu hegazkinik.

Eta orain, agur esateko ordua heldu da?
Agur esateko ordua bai, ez dakit ordea noiz arte luzatuko dudan agurra. Txanda-kontratua eskaini didate erretiroa hartu aurretik, eta hartu egingo dut. Ez dakit, ordea, hurrengo urteetan bi hilabeteko lanaldia beteko dudan edo azken denboraldi batean, hots, bederatzi hilabete. Penaz, egiten dudana benetan maite dudalako, baina agur esateko ordua heldu da. Atzetik datozen gazteei aukerak eskaini eta ni neu proiektu berrietan murgiltzeko. Garaia da euskara ikasteko adibidez, egiteke daukadan zerbait da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide